2019ko uztailaren 24a

Madurez imagen pyme web

Digitalaren garrantzia sendotzen ari da enpresa txiki eta ertainetan. Hala, gero eta enpresa gehiago ari dira alderdi hori beren enpresa estrategietan txertatzen. Nolanahi ere, EAEko Enpresa Txiki eta Ertainen Heldutasun Digitala lanak, Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak egin duenak, agerian jartzen du enpresa txiki eta ertainak teknologia digitalek negozioen gain duten garrantziaz gero eta gehiago jabetzen badira ere, horrek ez duela esan nahi beren negozio eredu tradizionala aldatu eta hutsetik beste eredu berri bat sortzen ari direnik. Negozio eredu digital berrietarako trantsizio prozesu hori mailaz maila ari da egiten. Prozesua zaila eta konplexua da eta, gainera, bideragarritasun aldetik ere zalantzak sortzen ditu. Horregatik, Orkestraren lanaren arabera, hiru enpresa txiki eta ertainetatik batek orain ez dio bide horri ekin.

EAEko enpresa txiki eta ertainek aurrerapausoak eman dituzte digitalizazio teknologikoan, bereziki prozesuei dagokienez

EAEko enpresa txiki eta ertainen eraldaketa digitala, nagusiki, enpresako prozesuak digitalizatuz egiten dela erakusten du Orkestraren lanak. Enpresen erdiak baino gehiagok baliabide ertain-handiak erabiltzen dituzte teknologia berria eskuratzeko. Hori “bat dator gure enpresa kulturarekin: egitean oinarritzen da eta produktu eta prozesura bideratzen da, nagusiki”.

Bereziki arlo jakin batzuetan ari da hobera egiten, digitalizazioaz baliatuz: segurtasun baldintzak, bezeroekiko harremanak eta haiei eskaintzen dizkiegun zerbitzuak, eta marketina eta publizitatea. Bigarren mailan gelditzen dira negozio ereduen berrikuntza digitala, esparru horretan ikuspegi edo mentalitate aurrerakoia izango duen lidergoa, eta langileen ahalduntze digitala. Orkestraren azterketaren arabera, ordea, alderdi horiei ere erantzun behar zaie, besteak beste, ikuspegi teknologiko hutsa ez delako nahikoa merkatu digital berrietako eskakizun gero eta handiagoei eta aldakorragoei erantzuteko.

Era berean, gakotzat ikusten da enpresa txiki eta ertainak hirugarrenekin lankidetzan aritzea, berrikuntza irekiko prozesuen bidez, eta metodologia arin egokiak erabiltzea eraldaketa prozesu horiek aurrera eramateko, garrantzitsuak baitira enpresen iraunkortasuna eta hazkundea bermatzeko.

Merkatu digitaletan duten presentzia nahiko apala da, ez dituzte merkatu berri hauek behar bezala aprobetxatzen eta ez dituzte merkatu berriak sortzen

Azterketa egiteko ADEGI, CEBEK, SEA eta FVEM elkarteen laguntza jaso du Orkestrak eta guztira 400 enpresa baino gehiago aztertu dira, 10 eta 250 langile artekoak. Txikizkako banaketari lotuta dauden eta, ondorioz, azken bezeroarekiko hurbiltasun handiagoa duten enpresak manufakturakoak baino aurreratuagoak daude. Lehenengoek berrikuntza maila handiagoak dituzte eta bezeroekiko interakzio handiagoa.

EAEko enpresa txiki eta ertainen heldutasun digitalari buruzko lanak ondorioztatzen du tarte handia dagoela manufaktura esparruarekin, garapen txikiagoa duelako, bereziki lidergoari eta estrategia digitalari dagokionez. Digitalizaziorako jarrera positiboa bada ere, txikizkako banaketa sektorea manufakturakoa bainoa azkarrago ari da eraldatzen, ikuspegi digitaletik. Alde hori nabarmena da, halaber, berrikuntza digitalari eta bezeroekiko interakzio mailari dagokionez. Lanaren emaitzek erakusten dute, bestalde, zenbat eta handiagoa izan tamaina, handiagoa dela heldutasun digitalaren maila.

Etiketa: