2019ko ekainaren 20a

Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak (Deustuko Unibertsitatea) presidente berria du. Iván Martén Uliartek hartu du 2011z geroztik Ignacio Mª Echeberríak zuen ardura.

Marten web

Iván Martén Ekonomia Zientzietan Summa Cum Laude doktorea da. Hogeita hamar urte baino gehiagoko esperientzia profesionala du aholkularitza estrategikoan, enpresei eta gobernuei aholku ematen. Nazioarteko eta enpresa arloko esperientzia aberatsa du eta Euskadirekiko errotze sendoa. Gaur egun, hainbat enpresa eta erakundetako kontseilari independentea da: Deustuko Unibertsitateko Gobernu Kontseilua, Center for Global Economy and Geopolitics (ESADEgeo), Tubacex, Energy Access Platform, T2 Energy Transition Fund, edo Aspen Institute.

Martén izen handiko hizlaria da nazioarte mailan, energia, ingurumen eta geopolitikako gaietan. Foro ugaritan parte hartu izan du, horien artean, International Energy Forum, World Future Energy Summit edo Asian Ministerial Energy Roundtable. Nazioarteko hainbat unibertsitaterekin aritu da lankidetzan.

Presidente aldaketarekin batera, Orkestrak bere bokazioa berretsi nahi du: erreferentziazko ikerketa institutu bat izatea, euskal gizartearen lehiakortasunaren eta ongizatearen alde lan egiteko. Presidente berriak enpresa errealitatearekin duen harremanak Institutuaren lan eredua indartzen du. Eredu hori erakunde eta enpresekin lankidetza proiektuak garatzean oinarritzen da, ekintzara bideratutako jakintza sortzeko (2018an, 43 argitalpen eta artikulu eta 39 lankidetza erakunde eta enpresekin), Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte eta ekonomia erronken inguruan.

Marténen profilak Orkestraren nazioarteko dimentsioa zabaltzeko aukera ere emango du. Institutuak lankidetza estua du Europako Batzordearekin, Harvardeko Unibertsitatearekin, The Competitiveness Instituterekin (TCI), Lehiakortasunerako Sare Inter-amerikararekin (RIAC) eta izen handiko beste sare akademiko batzuekin.