2018ko urriaren 9a

  • Gaur egungo erronkei erantzutea gomendatzen du, ekonomiak etorkizunean izan dezakeen atzeraldiari aurrea hartzeko
  • Txostenak nabarmentzen du euskal ekonomiaren susperraldia inklusiboa izan dela eta ekonomia zein gizarte emaitzak hobetu direla
  • Orkestrak, Lehiakortasunari buruzko Behatokia aurkeztu du, gizarte eta ekonomia adierazle nagusiak denbora errealean neurtzen dituena

image2

Bilbo, 2018ko urriaren 9a- Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiakortasunari buruzko 2018ko Txostenak adierazten digu ekonomia dualtasunak saihestuz ari dela suspertzen, alegia, ez dela gertatzen ari herritarren edo enpresen zati batek aurrera egitea eta beste batzuk aurrerapen horretatik kanpo gelditzea. Biztanleko BPGk gora egin du, baita bizitzarekiko gogobetetze tasak ere, eta pobrezia maila beste eskualde batzuetan baino gehiago hobetu da. Enpresen emaitzei dagokienez, produktibitate mailak handitu dira, eta enpresek finantza egoera sendoa dute. Nolanahi ere, Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko lanak aldeko baldintza horiek aprobetxatzeko eta aurrean ditugun erronkei erantzuteko deia egiten du, ekonomia atzeraldian eroriko dela adierazten duten zantzuak ikusten baitira, neurri handi batean, munduko ekonomiaren egoeraren eraginez.

Zehazki, txostenak adierazten du testuinguruaren aldaketaren –interes tasen igoeraren, energia prezioaren gorakadaren eta euroak balioa irabaztearen ondorioz– eta aldaketa geopolitikoen –Brexita edo Trumponomics deitutakoak– eraginez, ziurtasun eza handitzen ari dela, EAEko gizarte eta ekonomia etorkizunari begira. Neurri batean, horretan eragina dute gure ekonomiaren espezializazio ezaugarriek eta irekitze tasa handiek. Horri guztiari epe ertainera demografiak edo aldaketa klimatikoak jartzen dizkiguten erronkak erantsi behar zaizkio.

Orkestraren diagnostikoak gizarte eta ekonomia arloko 50 adierazle baino gehiago neurtzen ditu eta hainbat alderdi hobetu beharra azpimarratzen, besteak beste, langabezia, eta bereziki, iraupen luzekoa, emakumeena eta gazteena. Azken urteetan adierazle horiek hobera egin badute ere, bilakaera ez da EAEren antzeko egiturazko ezaugarriak dituzten eskualdeetan bizi izan dutena bezain ona. Enpleguaren erronkari lanaren automatizazioarena ere gehitu behar zaio. Hala, Orkestrak hezkuntza erakundeen, enpresaren, gobernuaren eta gizartearen arteko lankidetza estrategikoa indartzeko deia egiten du, enplegua kalitatezkoa izan dadin. Gainera, nabarmentzen du gizarte erronkak aukera bikaina direla hurrengo urteetan enplegua sortzeko.

Txostenak azpimarratzen du hazkunde ekonomikoa eta enplegua lortzeko garrantzitsua dela nazioarteko merkataritzan dugun kuota handitzea. Ildo horretatik, datuek erakusten dute gure esportatzaile erregularren oinarria handitu egin dela, baina, hala ere, bolumen txikiekin egiten dute lan. Hortaz, Orkestraren iritziz, nazioartekotze politikek esportatzaile erregular horien esportazio intentsitatea sustatu beharko lukete.

Horretarako, ezinbestekoa da berrikuntzaren bidean aurrera egitea. Izan ere, enpresa berrikuntzan maila ona bada ere, azken urteetan ikusi da behera egin duela I+Gko gastuak. Berrikuntza efizienteagoa da, baina patenteen eta Europako diseinuen maila ez datoz bat egindako gastuarekin. Enpresa txiki eta ertainak atzera gelditu dira apustu horretan, eta ezinbestekoa da berrikuntzaren bidera eramatea, bereziki, antolaketa eta merkataritza izaerako berrikuntzaren bidera.

Lanak unitateko lan kostuak ere aztertu ditu: haien bilakaera positiboa izan da, produktibitatea handitu delako eta soldatak moderatu. Baina oraindik ere beste eskualdeetakoak baino handiagoak dira. Kostuetan oinarritutako lehia saihesteko, Txostenak berrikuntzan inbertitu beharra azpimarratzen du; hala, enpresen finantza egoera sendoa aprobetxatu beharko litzateke, inbertsio mota hori handitzeko.

Hezkuntzari lotutako hainbat alderditan eta hezkuntza sistema etorkizuneko enpleguaren eskakizunetara egokitzeko aldaketetan, oraindik ere aurrerapausoak egin behar dira EAEn. Hirugarren mailako hezkuntzan dauden ikasleen ehunekoa handia da erreferentziazko eskualde eta herrialdeekin alderatuta. Baina txostenerako aztertutako datuek hutsunea ikusten dute kualifikazio ertainetako pertsonen ehunekoan.

Euskal ekonomiaren espezializazioari dagokionez, txostenak azpimarratzen du sektoreak lehenetsi behar direla eta katearen mailarik ahulenak zuzendu, merkataritza, teknologia eta zientzia espezializazioari dagokionez. Datuek erakusten dute esparru metalmekanikoa oso lehiakorra dela, hiru espezializazioetan aurrerapausoak egin dituelako, baina informazioaren eta komunikazioaren teknologien arloa landu behar dela nabarmentzen du, gakoa baita RIS3 estrategiarako. Gure espezializazio sektore nagusien arteko lotura handiak ekar ditzakeen arriskuak saihesteko, Orkestrak barietate erlazionatuan oinarritutako dibertsifikazioa bultzatzea gomendatzen du.

 

Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiakortasunari buruzko Behatokia

Orkestrak EAEko lehiakortasuna aztertzeko erabiltzen dituen datuek esparru horretako adierazle nagusien jarraipen etengabearen garrantzia erakusten dute. Diagnostikoak eta jarraipenak datu eguneratuenekin eta denbora errealean egin ahal izateko eta, aldi berean, beste lurralde batzuekin alderatzeko, Lehiakortasunerako Euskal Institutuak Lehiakortasunari buruzko Behatokia sortu du.

Plataforma hau edonoren eskura jarri da. Gaur goizeko aurkezpenean Mari Jose Aranguren Orkestrako zuzendari nagusiak esan duen bezala, “enpresen, gobernuen, unibertsitateen eta bestelako erakundeen eskura jarri nahi du ekonomia garapenean eta gizarte ongizatean aurrean ditugun erronkei erantzuteko behar den informazioa”.

Hala, Arangurenek erantsi du “epe luzeko lehiakortasun iraunkorrak lurraldeko eragileekin batera lan egitea eskatzen duela, lehiakortasun hori hobetzeko”. Bildutako datuekin batera, analisiak eta gogoetak eskainiko dira, lehiakortasunari lotutako alderdiak landu nahi dituen ororentzat lagungarri izango direlakoan.

Plataforma esteka honetan dago eskuragarri:

www.orkestra.deusto.es/competitiveness-observatory

 

“Joera eraldatzaileak” biltzarra

Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiakortasunari buruzko 2018ko Txostena bihar aurkeztuko da jendaurrean, Gasteizko Artium Museoan. Ekitaldi horretan bertan, euskal ekonomiaren bilakaeran eragina izango duten ekonomia eta gizarte joera nagusiak aztertuko dira.

“Joera eraldatzaileak” ekitaldiaren buru Iñigo Urkullu lehendakaria izango da eta Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia, enpresa eta gizarte ordezkari ugari elkartuko dira bertan.

Christian Ketels The Boston Consulting Groupeko ekonomialari buruak, “Mundu aldakor batean lehiatzea: Euskal Autonomia Erkidegoaren lehiakortasunerako inguruko globala” hitzaldian, Euskadin joera global handiek zer-nolako eragina izango duten aztertuko du.

Ketelsen gogoetak abiapuntu hartuta, solasaldia izango da enpresa arloko ordezkari ezagunekin: Iñigo Ansola, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia; Mari Paz Robina, Michelineko zuzendaria; Iñaki Garmendia, Ega Masterreko zuzendari gerentea; eta Josu Ugarte, Schneider Electriceko Industria arloko presidenteordea.

 

Etiketa: