2018ko ekainaren 1a
Elkarrizketa partekatua: Roberto Horta, Uruguaiko Unibertsitate Katolikoko Lehiakortasunerako Institutuko zuzendaria, Alberto Arias, Caliko (Kolonbia) Unibertsitate Javieriar Pontifizialeko Ekonomia eta Administrazio Zientzen Fakultateko dekanoa, eta Carlos Valencia, Lehiakortasunerako Zentro Javieriarreko zuzendaria, Bogotako Unibertsitate Javieriarrean (Kolonbia).
Maiatzaren 14tik 18ra arteko astean, Jesusen Lagundiaren barruan lehiakortasunarekin lotura duten hainbat institutu eta erakundetako ordezkariak Orkestran izan ziren. Bidaiaren helburua zen Iñigo de Loyola ekimenaren oinarriak zehaztea, zentro guztietan lantzen ari direnak, eta, etorkizunari begira, jarduteko printzipio batzuk definitzea. Roberto Horta, Alberto Arias eta Carlos Valenciarekin hitz egin dugu, ekimen honen eta erronken inguruan. Horta Uruguaiko Unibertsitate Katolikoko Lehiakortasunerako Institutuko zuzendaria da; Arias, Caliko (Kolonbia) Unibertsitate Javieriar Pontifizialeko Ekonomia eta Administrazio Zientzen Fakultateko dekanoa; eta Valencia, Lehiakortasunerako Zentro Javieriarreko zuzendaria, Bogotako Unibertsitate Javieriarrean (Kolonbia).
Nola definituko zenukete Iñigo de Loyola ekimena? Zein igurikimen zenituzten Orkestran izandako bileren inguruan?
Roberto: Gure Lehiakortasun Institutuak badu ibilbide bat, lehiakortasunaren, berrikuntzaren eta klusterren inguruko gaietan. Orain dela urte batzuetatik hona, Orekstrarekin elkarlanean ari gara. Horrenbestez, ekimen honetan parte hartzea naturala izan da.
Guretzat, Iñigo de Loyola ekimena, ikerketa institutu izanik, gure herrialdearen garapenari laguntzeko egiten dugun horretan aurrera egiteko modu bat da. Orkestrarekin eta Jesusen Lagundiko beste unibertsitate batzuekin Latino Amerikako eskualdean lan egitea, nire ustez, ekarpen garrantzitsua da gure eskualdearen garapenerako.
Alberto: Ekimen honen bidez, errealitate bihurtu nahi nuke Jesusen Lagundiko unibertsitateen arteko lankidetza sarea. Sare hori sendotzea eta haztea bilatzen duen edozein ekimen oso positiboa dela uste dut. Gainera, proposamen honen oinarrian baliabide ukiezin bat dugu: jakintza.
Bisita honetan espero genuen hemen zer egiten den eta nola egiten den ikustea. Hazkunde ekonomikoa pertsonen artean banatzea lortu behar dugu eta horrek ongizatea eta erakunde publikoek eskain dezaketena jende gehiagok erabiltzea ekarriko ditu. Hori oso ongi egin dute Euskal Autonomia Erkidegoak eta Orkestrak, bere ibilbide osoan. Horregatik, interesgarria da elkarrekin zertan lan egin dezakegun aztertzea. Ildo horretatik, aste honetan, asko aurreratu dugu, Orkestraren lana ezagutzeaz gainera, adostasun batzuetara ere iritsi garelako.
Carlos: Marijorekin eta Jose Luisekin Katedraren inguruan ia orain dela urte bete hasi ginen lanean. Hasieran, ekimenaren igurikimenek bi erakundeen artean jakintza transferitzearekin zuten zerikusia, Albertok esan duen bezala. Ikuspegi horretatik, igurikimen hori, neurri batean, bete da.
Bigarren asmoa zen Latino Amerikako bi-hiru unibertsitateren arteko lankidetza sareari ikusgarritasun handiagoa ematea. Edozein ekimen eta lankidetza prozesutan gertatzen den bezala, lehenengo urratsetan oinarriak zehaztu behar dira, baina etorkizunari begira, proiektua emankorra eta proaktiboa izatea espero dugu.
Niretzat, hauxe da topaketa honetatik garrantzitsuena: lehenengoa dela, baturak onurak ekartzen dizkigula, helburu argiak ditugula eta, jakintzaren garapenetik abiatuta, lurraldearekin eginkizun bat dugula.
Etorkizunari begira, zein dira zuen jatorrizko lurraldeetako erronkak, bai ekimen honi begiratuta eta bai maila pertsonalean?
Roberto: Orkestrak egiten duena nahiko sakon ezagutu ahal izan dugu aste honetan. Horrek ateak irekitzen dizkigu elkarlanerako, bai Orekestrarekin eta bai sareko beste kide batzuekin.

Alberto: Erronka komun bat dugu: gizarte ongizateaten eta inklusioaren inguruan ikerrildo bat garatzea. Horrek, azken batean, esparru komun bat definitzea esan nahi du.
Carlos: Azpimarratzekoa da, halaber, bi lankidetza maila daudela. Bata, aste honetan, Orkestrarekin bi noranzkotan landu duguna eta erakunde, institutu edo unitateetako bakoitzari dagokiona. Bestea, norabide askotakoa da, gure artean eta sare moduan. Maila bakoitzak bere erronka bereziak ditu, elkarren artean oso desberdinak.
Alde batetik, Orkestrak eta gutako unitateetako bakoitzak alde biko harremana dugu, gaitasunak transferitzean oinarritzen dena, proiektuak gauzatzen bidez. Metodologia makrokontzeptualak zehaztu ditzakegu, lurraldeetako bakoitzean eragin jakin bat izango dutenak.
Bigarren lankidetza mailan, elkarrizketari lotutakoan, gizarte aurrerapena, ekonomia aurrerapena eta pertsonen ongizatea hartu behar ditugu ardatz eta, horretarako, printzipio oso argiak zehaztu, Jesusen Lagundiak munduan zehar egiten duena abiapuntu hartuta.
Roberto: Gure herrialdean askotan gertatzen da lehiakortasunaren ikuspegia makroekonomikoa dela nagusiki, enpresan errentagarritasuna nola sortzen den aztertzen du, nazioarteko merkatuetara nola iritsi. Baina hemen, lehiakortasunaren ikuspegi askoz ere zabalagoa ari gara lantzen, sistemikoagoa, nola eraman ongizatea eta ekonomia eta gizarte garapena pertsonengana.