2018ko maitzaren 23a
Competiti’v eko orain dela hiru sortu zen, enpresa txiki eta ertainen (ETEen) lehiakortasuna sendotzeko, mugaz haraindiko lankidetzan oinarrituta, Euskal Autonomia Erkidegoko, Pays Basque-Akitaniako eta Nafarroako klusterren, zentro teknologikoen eta garapen ekonomikoko agentzien parte hartzearekin. Orkestra proiektu honetan lanean ari den eragile nagusietako bat da, hasiera-hasieratik, analisia, diagnostikoa eta metodologia eskainiz eta erakundearen jakintza guztia sortzen diren beharren eta erronken zerbitzura jarriz.
Henar Alcalde eta Usue Lorenz arduratzen dira proiektuaren lidergoaz, Orkestran. Proiektu honen inguruko xehetasunak azalduko dizkigute, lankidetzan erreferentzia bihurtzen ari baita Europan.
Henar Alcalderekin eta Usue Lorenzekin elkarrizketa
Nola sortu zen proiektuaren ideia?
Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Eskualdean, beste proiektu batean aritu ginen lanean, klusterren artean. Eta han sortu zen mugaz haraindiko lankidetzan aurrerapausoak emateko eta sakontzeko beharra. Lehenengo begiratuan, logiko dirudi bizilagunak elkarrekin lanean aritzea, baina errealitatean, ez dakigu zer dagoen mugaren beste aldean eta ez gara gai indarguneak aprobetxatzeko eta sinergiak sortzeko.
Nola ari zarete lankidetzan, ekimen honetan?
Proiektua garatzeko, RIS3a hartu genuen abiapuntu, uste baikenuen lurralde estrategiatik abiatu behar genuela. Ondoren, gogoeta fase bat ireki zen, hainbat eragilerekin: eskualdeko hiru gobernuak (Akitania Berria, Nafarroa eta Euskadi), eskualdeko garapen agentzia nagusiak (Sodena, ADI Nouvelle-Aquitaine eta SPRI); mugaz gaindiko enpresak; eta proiektuaren bazkideak. Bilera horietan, hainbat lehentasun aukeratu ziren: Big Data, gehikuntzako manufaktura, osasuna eta gailu medikoak eta nekazaritzako elikagaiak. Proiektuaren azken helburua da bi partzuergo edo lankidetza polo edo meta kluster sortzea.
Zein ekarpen egingo lukete bi partzuergo horiek?
Lan taldeetan parte hartuko duten enpresen beharren edo interesen arabera egongo da hori, neurri handi batean. Guk mugaz gaindiko lankidetza sustatuko dugu eta, poliki-poliki, enpresak partzuergo horren eduki zehatza definitzen joango dira. Batzuk Europako lehiaketen bila joango dira, marka bat izatearen bila, kluster bat osatzera edo interakzio eta lankidetza puntualeko espazioen bila.
Zenbat enpresa ari dira parte hartzen gaur egun?
200 enpresa inguru. Big Datan, 20; osasunean, 90; gehikuntzako manufakturan, 50; eta nekazaritzako elikagaien sektorean, 40. Lurraldeen arabera, enpresa kopurua oso orekatuta dago. Ezusteko atsegina izan da proiektuak gure enpresen artean izan duen harrera orokorra.
Proiektuan, a priori, zer ikasi duzue?
Lehentasunei dagokionez, enpresen elkarlanari begira, ikusi dugu enpresek guk espero ez genituen beharrak dituztela. Gauza soilagoen, txikiagoen aldeko apustua egin nahi dute, esate baterako, elkar ezagutzea. Eskertzen dute beren proiektuak aurkezteko eta ikusgarritasuna irabazteko guneak eskaintzea, baita erakundeek tresnak eta erraztasunak ematea ere lankidetza prozesuak sortzeko.
Europan harrera nahiko ona edukitzen ari da proiektua. Zergatik?
Hainbat arrazoi egon daitezke horren atzean. Alde batetik, ia ez dago mugaz haraindiko proiekturik. Beste alde batetik, proiektua RIS3arekin lotu dugu eta, horrela, espezializazio adimenduneko estrategia indartzen eta egituratzen laguntzen du. Azkenik, proiektuak uneoro euroeskualdearen eta hiru eskualdeetako gobernuen babesa izan du. Horretaz gainera, azpimarratu behar da enpresek definitzen dituztela beren lehentasunak eta beharra. Arrazoi horiengatik guztietan bihurtu da Competitiv'eko Europan aztertzeko kasu. Hain zuzen ere, urtearen azken hiruhilekoan, Competitiv'eko proiektuak ekitaldia egingo du Bruselan, hiru eskualdeek hiriburu hartan dituzten ordezkatitzek antolatuta.