2018ko maiatzaren 10a

Imagen acto

Orkestrak euskal enpresen ekonomia eta finantza egoeraren eta kreditu arriskuaren inguruko txostena prestatu du, Finantzen Euskal Institutuaren laguntzaz. Txosten horrek agerian uzten du euskal enpresen azken urteetako ekonomia eta finantza bilakaera positiboa izan dela.

Enpresen kontuak aztertu ondoren, ikus daiteke euskal enpresetan ondare garbiak balantzearekiko hartzen duen ehunekoa Espainiakoetan baino handiagoa dela eta finantza zorra, berriz, txikiagoa. Hala ere, euskal enpresek zailtasunak dituzte beren jardueraren errentagarritasuna handitzeko eta ez dituzte berreskuratu 2008aren aurreko zenbakiak. Azpimarratzekoa da, halaber, finantza zorraren maila eta zorpetze horren kostua jaitsi egin direla.

Txostenak euskal enpresen kreditu arriskua ere aztertzen du. Zehazki, euskal enpresen kreditu kalifikazioa 6,87koa da, Espainiako batez bestekoa baino handiagoa (Espainiakoa 6,61 da, 1etik 11rako eskalan). Lurraldez lurralde, Gipuzkoak izan ditu daturik onenak krisian zehar; eta Bizkaiak du egoerarik ahulena, Euskal Autonomia Erkidegoko batezbestekoaren azpitik geratzen baita.

Finantza ahultasun handiena duten enpresei dagokienez, alegia, beren ordainketa betebeharrei aurre egiteko zailtasunak izan ditzaketen enpresei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoak kokapen ona du, Nafarroa, Katalunia, Balear Uharteak eta Kanariar Uharteekin batera. Hala, enpresen % 30 dago egoera ahulean gurean. Espainiako batez bestekoa % 34 da eta Gaztela-Mantxan edo Andaluzian, esate baterako, ehuneko hori % 38ra iristen da.

Txostena Deustuko Unibertsitatean aurkeztu da gaur eta Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen 203.128 kontu erregistro baino gehiago aztertu dira.

Aurkezpenean, Ibon Gil de San Vicente Orkestrako zuzendariorde eta lanaren egileetako batek adierazi du aurreikuspen ekonomikoak onak direla eta hazkundearen bidetik jarraitzea espero dela, nahiz eta hazkundearen erritmoa pixka bat moteldu. Hazkunde hori, enpresen ekonomia eta finantza egoera hobetzearekin eta kreditu arrisku txikiagoarekin batera, “aukera ona da enpresa marjinak eta errentagarritasuna hobetzeko; beraz, uste dugu enpresa egoera onean dagoela hazkunde eta inbertsio prozesuei heltzeko”, Gil de San Vicenteren hitzetan.

Txostenak agerian uzten du egoera asko aldatzen dela sektoreen eta enpresa tamainen arabera. Arrazoi horregatik, Orkestrak egoera bakoitzerako estrategia edo irtenbide bereziak lantzea gomendatzen du, finantza kudeaketako gaitasunak eta ahalmenak hobetzen aurrera egiteko. Era berean, finantza iturriak indartzea egokia izango da, ohiko zorraz bestelako iturriak erabiliz; eta enpresa finantzaketari laguntzeko politikak ezartzen jarraitzea, askotariko segmentu edo behar horien arabera.

Txostenak ondorioztatzen du euskal enpresak egoera onean daudela ekonomia abagune positibo hau aprobetxatzeko, beren kokapena indartzeko eta ziklo ekonomikoa aldatzen denerako prestatzen jarraitzeko.

Txosten osoa ikusi