2018ko martxoak 12

Jorge Fernandez

Jorge Fernandez Gomez izendatu dute Deustuko Unibertsitateko Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko Energia arloko koordinatzaile. Eloy Álvarez Pelegry ordezkatuko du, orain arte arloko zuzendari izan dena.

Koordinatzaile berriak esperientzia zabala du energiaren esparruan. Orkestrara iritsi aurretik, MIBGASeko azterketa zuzendaria izan da, estrategia, arauketa eta merkatu analisiaren esparruan; baita Iberian Gas Hubeko zuzendari teknikoa ere, Iberiar Penintsulan gasaren hubaren garapenean eta ezarpenean lan egin zuen eta konpainiaren bitartekotza zerbitzuak zuzendu zituen. Intermoney Energiako zuzendari nagusiaren ondokoa izan zen eta azken ardura horretan, energia merkatuaren arauketa eta funtzionamendua aztertzen espezializatutako aholkulari taldea gidatu zuen, eta hainbat proiektu zuzendu zituen, energia merkatuetako trading-arekin eta arriskuen kudeaketarekin eta elektrizitate merkatuen arauketa eta diseinuarekin lotuta. Energía y Sociedad proiektua ere zuzendu zuen. NERA Economic Consulting enpresan, aholkulari lanetan aritu zen, elektrizitate sektoreko jarduera arautuen analisiari eta elektrizitate merkatuen funtzionamenduari lotutako proiektuetan.

Jorge Fernandez Ekonomian doktorea da Georgetowneko Unibertsitatean (Washington) eta aldizkari espezializatuetan hainbat artikulu eta liburu argitaratu ditu, energia merkatuen funtzionamenduaren eta arauketen inguruan.

Bere zuzendaritzapean, arloak hainbat gai bideratu eta aztertuko dira, besteak beste, energiaren trantsizio prozesuak ekonomia iraunkorrerako bidean, ingurumenari dagokionez, eta mugikortasun iraunkorreko eredu berriak garatzeko ekimenak, energia alternatiboak erabiliz, esate baterako, elektrizitatea edo gas naturala.