2018ko martxoak 6
Hitzarmena sinatzearen helburua da BBKri laguntzea gizarte eta ekonomia aurrerapeneko eragile erreferente izateko kokapenean.
Mari Jose Aranguren Orkestrako zuzendari nagusiak eta Gorka Martinez BBK-ko zuzendari nagusiak hitzarmena sinatu dute gaur, elkarrekin lan egiteko finantza erakundeari gizartean aurrerapen, aldaketa eta garapenean erreferentziazko eragile bat izaten lagunduko dion estrategia bat definitu eta garatzeko bidean.
Hitzarmenaren helburu nagusia da BBKren eraginpean egon daitezkeen palanka estrategikoak identifikatzea eta haien inguruan lan egitea, erakundeak gizartearekin duen konpromisoari laguntzeko. Orkestrak diseinatu, garatu eta gidatuko duen prozesuari esker, eragile guztiek –barnekoek zein kanpokoek– elkarrekin gogoeta egitea bilatu nahi da, balio partekatuko estrategia bat definitzeko, gizartea erakundearen filosofiaren, balioen, helburuen eta ekintzen erdi-erdian jarrita.
Prozesuan zehaztuko diren helburuak egoki garatu eta lortzeko, Orkestrak ikerketa interaktiboko ikuspegia erabiliko du. Eredu horrek gogoetarako eta ekintzarako guneak tartekatzen ditu, elkarri oso lotuta. Horrela, proiektuan zehar parte hartzen duten pertsona guztien artean baterako ikaskuntza lortzen da, proiektuaren definiziotik hasi eta emaitzak zabaltzen direnera arte.
Balio partekatua
Balio partekatua sortzeko proposamena Michael E. Porter Harvardeko Unibertsitateko irakasle eta Orkestrako ohorezko presidenteak egin zuen, eta enpresaren eta gizartearen arteko harremanak aldatzea dakar. Enpresa kultura eraldatzea esan nahi du, gizarte ingurunea ere kontuan hartzeko. Hala, enpresak hainbat ekintza eramango ditu aurrera: produktuak eta zerbitzuak berraztertzea eta bezero berri izan daitezkeenei zerbitzua ematea (gaur egungo negozioak kontuan hartzen ez dituenak); balio katearen efizientzia hobetzea, baliabideen, logistikaren edo hornitzaileen gaikuntzaren ikuspegitik; eta tokiko enpresa ingurunea hobetzea, besteak beste.
Enpresaren eta gizartearen dikotomia hori gaindituz, gizarte alderdia erakundean integratzea bilatzen da. Hala ere, garapen hori zabala eta askotarikoa izan daiteke, eta gizarte errealitatera egokitu behar da.
Orkestrak 2016az geroztik lan egiten du balio partekatuko proiektuak bideratzen laguntzen, EAEko hiru lurralde historikoetan, enpresa zein erakunde mailan.