2018ko urtarrilak 31a

DESI web

Euskadiko digitalizazioari buruzko Orkestrako lehengo txostenak, lurralde hau ekonomiaren eta gizartearen digitalizazioari begiratuta Europako batezbestekoaren gainetik dagoela ondorioztatu du. Sailkapeneko bosgarren tokian dago, Iparraldeko herrialdeekin batera (Danimarka, Finlandia, Suedia eta Herbehereak).

“Ekonomia eta gizarte digitalak Euskadin” txostenak beharrezkoa dela euskal enpresen eraldaketa digitala indartzea eta aro berri honetako profesionalei gaikuntza ematea adierazten du.

Orkestrak eta Euskaltelek abian jarri duten Ekonomia digitalari buruzko ikerrildoaren lehen emaitza da txosten hau. Besteak beste, Euskadik baldintza eta azpiegitura egokiak dituela ekonomia digitala zabaltzeko, bai enpresaren esparruan, bai administrazio publikoarenean eta bai herritarrenean, oro har azpimarratzen du lanak.

Ikerketak Europako Batzordeak Europar Batasunaren digitalizazioa aztertzeko gakotzat dituen adierazleak neurtu ditu eta Euskal Autonomia Erkidegoa Batasuneko 28 herrialdeekin alderatu du.

Teknologia berriak negozioetan duten txertatze mailari dagokionez eta horien sofistikazioari begiratuta, lurraldea oso egoera onean dago. Enpresen % 65ek baino gehiagok digitalizazio prozesuak garatu dituzte jada. Kopuru hori Finlandiak besterik ez du gainditzen, % 68ko ehunekoarekin. Datu horiek hainbat sektorek digitalizazioaren alde egin duten apustuarekin dute lotura, horien artean, 4.0 industriak. Azterlanak lurraldearen konektagarritasun maila handia ere azpimarratzen du (% 80). Ehuneko horrek Europaren buruan jartzen du, Herbehereekin batera (% 81).

Hobetzeko esparruen artean, txostenak azaltzen du ahultasunik handiena merkataritza elektronikoko eragiketan duela. Izan ere, merkataritza elektronikoko tasak txikiak dira, % 22 ingurukoak, sailkapeneko lehenengo herrialdearen, Irlandaren, % 73tik oso urrun. Onlineko salmenta % 4 da, lider digitaletatik oso urrun (% 16). Euskal enpresen onlineko fakturazioari ere arreta jarri behar zaio, % 5era besterik ez baita iristen. Irlanda eta Txekiar Errepublika dira erreferentziazko herrialdeak eta, haietan, % 20tik gorakoa da fakturazio hori.

Euskal herritarren jakite eta trebetasun digitalak onak dira, Europar Batasuneko 28 herrialdeekin alderatuta. Teknologia berriak naturaltasunez erabiltzen dira gizartean. Ildo horretatik, Euskadi laugarren tokian dago oinarrizko trebetasunei begiratuta, hau da, ohiko erabilera eta trebetasuna informazioa bilatzerakoan, komunikatzerakoan, edukiak sortzerakoan edo arazoak ebazterakoan.

Giza kapitalari dagokionez, txostenean jasotako datuek azpimarratzen dute desoreka deigarria dagoela zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikako arloetako gradudunen –Euskadi sailkapenaren buruan dago (% 36), bigarrenetik, Irlandatik nahiko urrun (% 24)– eta informazio eta komunikazioko teknologietako langileen ehunekoaren artean –ehuneko hori % 2 besterik ez da, Europako herrialdeen sailkapenean oso atzean–.

Doikuntza ez horren atzean egon daitezkeen arrazoiak aztertuta, lanak ondorioztatzen du gradudun tasak handiak badira ere, informatikako espezialisten eta telekomunikazioetako gradudunen kopurua gero eta txikiagoa dela. Gainera, nabarmentzen du IKTak laguntza zerbitzutzat hartzen direla eta, horrenbestez, hainbat sektoretako jarduera nagusiaren osagarritzat ulertzen direla. Hala, lanak proposatzen du esparru horri bultzada bat ematea, gainerako lan arloetan digitalizazio prozesuetan espezializatuta dagoen talentua eta teknologia mota horiek txertatuz. Txostenak iradokitzen du, gainera, aro digitaleko profesional berrien prestakuntza eta gaikuntzari laguntzera bideratutako politika publikoak erabiltzen jarraitu behar dela, bai hezkuntza sistemaren ikuspegitik eta bai enpresen ikuspegitik.

Txosten osoa irakurri