2017 urriak 25

Visita Kiev

Kieveko Unibertsitate Nazional Ekonomikoaren ordezkaritza bat, zehazki, Ekonomia eta Nazioarteko Kudeaketako Sailekoa, Orkestrara hurbildu da, Institutuaren jarduera ezagutzera. Hiru eguneko bisitan, Orkestrak sorreratik bertatik erabiltzen duen ikerketa eraldatzaileko eredua partekatzea zen helburua. Topaketan, gainera, bi erakundeek elkarrekin gogoeta egin dute, hainbat gairen inguruan: nola indartu klusterrei eta lehiakortasunari lotutako zientzia eta ikerketako gaitasunak, RIS3 espezializazio adimenduneko esparruaren barruan? Eta nola lagundu Kieveko Unibertsitate Nazionalari aldaketaren eragile bihurtzen, Ukrainako lehiakortasunari begira?

Anastasiia Konstantynova Orkestrako ikertzailea eta Usue Lorenz ikerketako bideratzailea arduratu dira Kieveko ordezkaritzari harrera egiteaz. Biek azpimarratu dute bisitariei deigarria iruditu zaiela “Institutuaren antolaketa kultura, lankidetzan eta elkarrenganako konfiantzan oinarritzen dena, eta aldaketara egokitzeko duen gaitasuna, Euskal Autonomia Erkidegoaren gizarte eta ekonomia ongizatea bermatzea helburu duten prozesuak bideratzeko".

Orkestraren ardatz estrategikoetako bat da bere nazioarteko harremanen sarea zabaltzea, beste erakunde batzuekin batera proiektuetan parte hartzeko, jakintza aberastuz eta, ondoren, lurraldearen garapenean hobekuntzak eginez. Ildo horretatik, bi erakundeek, Danimarkako eta Vienako beste bi unibertsitaterekin batera, proposamen bat prestatu dute Spreading Excellence and Widening Participation lan programaren barruan.