2017ko urriak 18

“Sare elektrikoak: Digitalizazioa eta energiaren biltegiratzea” izenburupean, banaketa sare elektrikoen inguruan (SmartGrids) jakintza partekatuko dute, sektorearen gaur egungo egoera, aurrerapausoak eta erronkak aztertzeko.
Bi egunez, Bilboko Euskalduna Jauregian izango da bi erakundeek sare elektrikoen inguruan antolatzen duten bi urtean behingo biltzar hau. Hainbat gai jorratuko dira bertan: alderdi estrategikoak, ondorio teknologikoak, energia biltegiratzea, elektrizitatearen banaketaren negoziorako dituen ondorioak, kontsumitzaileen papera, eta negozio eredu berriak.
Gaurko hasierako saioan izan dira Luis Pedrosa, TECNALIA Research & Innovation-eko Energia eta Ingurumen zuzendaria; Julio Castro, Orkestrako Energia Katedrako Patronatuko Batzordeko kidea; eta Aitor Oregi, Eusko Jaurlaritzako Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendaria.
Hirurek azpimarratu dute EAEko industrian enpresen arteko lankidetza sustatu eta haren aldeko apustua egin behar dela, eskaintza lehiakor bat egiteko eta banaketa sare elektrikoetan nazioarteko merkatuetan erreferente izateko. Euskal Autonomia Erkidegoak energia digitalizatzeko eta biltegiratzeko prozesuan berrikuntza txertatzeko eta hobekuntza elementuak sartzeko behar diren gaitasunak baditu. Euskal enpresa asko jada Energiaren Klusterrak bultzatutako “Smart Grids Basque Country” lantaldeko kide dira eta, gainera, energia EAEko RIS3-espezializazio adimenduneko apustu estrategikoetako bat da.
Luis Pedrosak azpimarratu du garrantzitsua dela negozio eredu berriei toki egingo dien arauketa lortzeko lan egitea. Ildo beretik, Julio Castrok nabarmendu du apustu teknologikoetan oinarritutako negozio ereduetan lan egin behar dela. Castroren iritziz, “sareak energia banaketa baino askoz ere faktore gehiago eskaintzen ditu: eskuragarritasuna, konektagarritasuna… ematen dizkigu. Garrantzitsua da sistema modernizatzea, besteak beste, karbono gutxiagoko ekonomiarako bidean lagun dezan, gaur egun egiten hasi den bezala". Aitor Oregik argi utzi du SmartGridsak eta energia biltegiratzeko mekanismoak garatzea apustu gakoa dela Eusko Jaurlaritzan, eta hori EnergiBasque estrategian ere jasotzen dela.
Jardunaldiak ABB, Arteche, Ingeteam, Ormazabal, Schneider Electric, Siemens eta ZIV enpresen babesa du, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren laguntza.
Ekitaldia twitter bidez jarrai dezakezu, #jieec2017 hashtag-a erabilita.
Informazio gehiago kontsultatzeko eta programa ikusteko, egin klik hemen.