2017ko irailak 25 

 

Jornada europa innovadora empresa sociedad universidad

Euskal gazteek Europako Batzordeak kohesio eta berrikuntza handiagoko Europa eraikitzeko abian jarritako elkarrizketan hartu dute parte, etorkizuneko erronkei aurre egin nahian. Enpresaren, unibertsitatearen eta gizartearen zereginaren inguruan eztabaidatu dute, Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Europako Eskualdeetako Lantaldeak antolatutako ekitaldian

Gaurko eztabaidan, Deustuko Unibertsitatean, pertsona Europa berriaren eraikuntza prozesuaren erdi-erdian jartzeak duen garrantzia azpimarratu dute.

Behar-beharrezkoa da enpresen, erakundeen eta gizartearen arteko lankidetza areagotzeko lan egitea eta mekanismo berriak bilatzea, bai hiru eragile horien aldetik eta bai administrazio eta erakunde publikoen aldetik, aurrean ditugun erronkei modu egokiagoan erantzun ahal izateko.

Jardunaldian harremanetarako paradigma berri bat sortzearen garrantzia azpimarratu da. Parte hartu duten erakundeek gazteei dei egin diete paradigma berri horren eraikuntzan lan egin dezaten, guztion artean, Europaren etorkizuneko erronkei erantzuteko.

Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak herritarren parte hartzea eta ahotsa kontuan hartuko dituen Europa eraiki nahi duela adierazi du eta, ikuspegi horrekin bat, Marian Elorza Eusko Jaurlaritzako Kanpo Ekintzako idazkari nagusiak parte hartzaileak gonbidatu ditu aurrean ditugun erronken inguruan gogoeta egitera, industria aurreratuaren, biztanleriaren zahartzearen, segurtasunaren, ekonomiaren sustapenaren eta gizarte ongizatearen esparruetan. Europako ekonomiaren hazkunde tasak positiboak izaten hasiak dira jada, baina susperraldia ez da lurralde osora iritsi eta, krisiaren eraginez, Iparraren eta Hegoaren arteko aldeak oraindik nabarmenagoak dira.

Koldo Atxutegi Bizkaiko Foru Aldundiko Kanpo Ekintzako arduradunak Administrazioak enpresen, unibertsitateen eta gizartearen arteko harremanetan zein egiteko duen aztertu nahi izan du, lehiakortasunari dagokionez, Europa iraunkorraren bidean aurrera egiten laguntzeko. Ildo horretatik, Atxutegik adierazi du administrazioak baldintzak eta ekosistema sortu behar dituela, baina ekosistema horren funtzionamendua aipatutako hiru eragileen eskuetan dagoela eta, bereziki, enpresa pribatuaren eskuetan.

Azkenik, Mari Jose Aranguren Orkestrako zuzendari nagusiak Unibertsitateak ikerketaren, enpresen behar eta erronken, eta gizartearen arteko lokailu izateko duen garrantziaz hitz egin du. Hain zuzen ere, Arangurenek Orkestraren kasua aurkeztu du, sorreratik bertatik ikerketa eredu eraldatzailea garatzen ari den Institutua, euskal enpresen eta gizarte osoaren beharrei lotuta. Mari Jose Arangurenek esandakoarekin bat, José Luis Larrea Orkestrako ohorezko presidenteak Unibertsitateak berrikuntza eta zientzia irekiko sistema baten diseinuan duen egitekoa indartzeko mekanismoak sortzeko lan egitea eskatu du.