2017 ekainak 27
Deustuko Unibertsitateko Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak lehiakortasunak Euskal Autonomia Erkidegoan azken hamar urteetan izan duen bilakaeraren diagnostikoa prestatu du eta herrialdeak etorkizunari begira landu behar dituen erronka nagusietako batzuk nabarmendu ditu, ekonomia eta gizarte aurrerapena bultzatzen jarraitzeko. Enplegu kualifikatua sortzea eta euskal enpresen eta ekonomiaren lehiakortasunaren iraunkortasuna bermatzea funtsezkoak dira pertsonen ongizatea eta gizarte kohesioa ziurtatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiakortasunari buruzko 2017ko Txostenetik ondorioztatzen den bezala.

Lehiakortasunari lotutako adierazle nagusiek erakusten dute euskal ekonomiaren portaera eta bilakaera onak izan direla azken hamar urte hauetan, baita krisiak gogor jo zuen urteetan ere. Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoa 33. tokian dago, biztanleko BPGri begiratuta, Europako 192 eskualdeen sailkapenean. EAEko produktibitate indizea ere Europako sailkapeneko handienetako bat da eta azken bi urteetan hobera egin du. Horrek aukera ematen du EAEk, beste eskualde eta herrialde batzuekin alderatuta, dituen lan kostu handiagoak konpentsatzeko.
Orkestrak prestatu duen txostenak erakusten du, hala ere, beste gizarte adierazle batzuetan, azken urteetan egoera hobetu den arren, hobekuntza hori ez dela beste eskualde batzuetan lortutakoa bezainbestekoa. Horregatik EAEren kokapen erlatiboak okerrera egin du. Adierazle horietan eragina duen alderdi nagusietako bat enplegua da. Eta enpleguaren bilakaera txarra izan da krisian zehar. Nahiz eta datuak azken bi urteetan hobetu, kalitatezko enplegua sortzea da, oraindik ere, euskal ekonomiaren erronka garrantzitsuenetako bat.
Testuinguru horretan, bereziki esanguratsua da demografia aldakorrari aurre egin beharra: EAEko biztanleria gero eta zaharragoa da eta biztanleria aktiboa gutxitzen ari da. Horrek eragin garrantzitsuak izan ditzake EAEko lehiakortasunerako. Ildo horretatik, Orkestraren txostenak adierazten du erretiroa hartzeko adina atzeratzea eta jarduera tasak handitzea ez direla nahikoak izango biztanleria aktiboaren jaitsiera konpentsatzeko. Beraz, beharrezkoa izango da kualifikazio handiagoko etorkinak erakartzea eta, aldi berean, dagoeneko gure artean bizi direnei prestakuntza eskaintzen jarraitzea. Bestalde, biztanleria zahartzeari lotuta, enpresa jarduera berriak sustatzea gomendatzen da, adineko pertsonen kontsumo patroiei eta beharrei erantzuteak negozio aukerak sortzen baititu, “zilarrezko ekonomia” deitutakoaren baitan.
Hezkuntza sistemak ere aldaketak behar ditu, Orkestraren analisien arabera, prestakuntza beharrei ahalik eta modurik egokienean erantzuteko duen gaitasuna hobetzeko. Herritarren prestakuntza maila nabarmen handitu da, baina ez da nahikoa enplegu sortzen kualifikazio handieneko profil jakin batzuentzat. Horrek bi eragin ditu: alde batetik, pertsona askok beren lanposturako behar dena baino kualifikazio handiagoa dute eta, beste aldetik, kualifikazio handiko pertsonak beste herrialde batzuetara emigratzen ari dira. Horregatik guztiagatik, Lehiakortasunari buruzko Txostenak hezkuntza esparruaren eta lan munduaren arteko lankidetzako estrategia integral bat lantzea gomendatzen du, beste ekimen batzuen artean, prestakuntza duala bultzatuz.
Enpresen anbidestreza: berrikuntza, nazioartekotzea
Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiakortasunari buruzko 2017ko Txostenak azpimarratzen du enpresek anbidestreza garatu behar dutela, horixe izango baita epe luzera lehiakortasun maila egokia lortzeko faktore gakoa. Anbidestrezaren kontzeptuak gehikuntzako aldaketak (esplotazioa) eta errotiko aldaketak (esplorazioa) kudeatzeko gaitasuna esan nahi du, eta hori funtsezkoa da enpresek bizirik irauteko. Euskal enpresen lehiakortasunak eskatzen du, Orkestraren arabera, enpresen gaur egungo aukerak ustiatzea (esplotazioa) eta, aldi berean, ideia berriak sortzeko gai izango diren errotiko aldaketak arakatzea (esplorazioa).
Orkestrak prestatu duen diagnostikoak euskal enpresen berrikuntzako eta nazioartekotzeko estrategien anbidestreza du aztergai, eta ondorioztatzen du gaur egungo kokapena gaitasunak ustiatzeko jardueretan oinarritzen dela, eta ez horrenbeste epe luzera aukera berriak esploratzeko jardueretan.
Analisiek erakusten dute euskal enpresen berrikuntza patroiak nagusiki gehikuntzako berrikuntza teknologikoa duela ardatz, gaur egungo produktuak eta prozesuak hobetzera bideratzen dena, alegia. Hori nagusiki enpresa ertain eta handiek egiten dute. Txostenak nabarmentzen du bi errealitate oso desberdin daudela eta gomendatzen du enpresa txikien berritzeko gaitasuna eta lehiakortasuna hobetuko duten politikak bultzatzea, baita berrikuntzako estrategia esploratzaileak lantzea ere, epe luzeagoko helburuak bilatzeko.
Nazioartekotzeari dagokionez, anbidestrezak eskatzen du kostu lehiakorrekin saltzeko eta ekoizteko aukera esplotatzea eta, aldi berean, munduko merkatuko beste segmentu batzuetako gustuak eta lehentasunak esploratzea. Euskal esportazioen bilakaera positiboa izaten ari da, 2009ko beherakada handiaren ondoren. Horrela, 2011n krisiaren aurreko mailak berreskuratu ziren. Hala ere, hazkundea moteldu egin da azken bi urteetan, esportazioak pixka bat jaitsi baitira.
Alderdi positibotik, ikusten da handitu egin dela enpresa esportatzaileen kopurua eta kanpo merkataritzak enpresen guztizko fakturazioan hartzen duen ehunekoa. Hala ere, jarduera esportatzailea oraindik ere merkatu hurbilenetan kontzentratzen da, bai geografiari begiratuta eta bai kulturari begiratuta.
Atzerriko ezarpenen kopuruak ere gora egin du. Horietan, euskal enpresek nahiago dute eskumendekoak kontrolpean edukitzea, joint ventureak sortu beharrean. Datu horiek erakusten digute euskal enpresaren nazioartekotzea esplotazioan oinarritzen dela eta merkatu ezagunetan sendotzearen aldeko apustua egiten dela, esplorazio jarreretara jo beharrean.
Diagnostikoak ondorioztatzen du euskal enpresak azken hamarkadan bere estrategia sofistikatu badu ere, oraindik esplotazio estrategiak erabiltzen dituela nagusiki. Gainera, ikusten da, berriro ere, bi abiadurako ekonomia batean erortzeko arriskua dagoela, enpresa txikiek eta handiek oso emaitza desberdinak lortzen baitituzte hainbat adierazletan. Estrategia «anbidiestro» bat aurrera eramateko aukera estrategia hori finantzatzeko eskuragarri dauden funtsen araberakoa izango da. Euskal enpresek, itxura batean behintzat, kapitalizazio hobea eta zorpetze maila txikiagoa dute eta horrek erakutsiko luke enpresek badutela aukera berrikuntzan eta nazioartekotzean estrategia anbidiestroagoen aldeko apustua egiteko.
Beste zenbait alderdi esanguratsu
Txosten honetan egin dugun sektore analisiak EAEko sektore espezializazioak 2008 eta 2013 urteen artean bizi izan duen eraldaketa izugarria erakusten digu. Nabarmen jaitsi da industria espezializazioa eta eraikuntzaren garrantzia eta handitu egin da zerbitzuen pisua. 2013az geroztik, industriak ekonomia osoan pisua galtzeari utzi dio eta berriro ere gure ekonomiaren traktore bihurtu da: hain zuzen ere, % 3,6ko hazkunde erreala izan du.
Klusterren analisiak erakusten du ekonomia trantsizioan dagoela. Alegia, kluster tradizionaletako batzuk gainbeheran daude eta beste batzuk nazioarteko lehiakortasunari eusteko lanean ari dira eta etorkizunarekiko konpromisoa berresten dute, indarra hartzen ari diren espezializazioez baliatuz. Kluster politikak ere ingurunearen aldaketetara eta espezializazio adimenduneko estrategien aldeko apustura egokitu behar izan du. Aurrerapenak egin badira ere, Orkestrak zenbait erronka identifikatu ditu: enpresa txikien parte hartze txikiagoa, klusterren balio kate global mota desberdinak ulertzeko eta haiei erantzuteko beharra, edo klusterren arteko lankidetza hobetzea.
Energiaren sektorea gakoa da, euskal ekonomian pisu handia duelako eta beste sektore batzuetako jardueran eragina duelako. Gure analisiek agerian uzten dute EAEk lehiatzeko abantaila batzuk dituela jarduera horretan, baita nolabaiteko espezializazioa ere. Energiaren prezioaren goranzko joerak euskal ekonomiaren energia efizientzia hobetzea ekarri du. Gainera, Euskadik bere energia trantsizioan aurrera egiten jarraitu du, ikatzaren pisua murriztuz eta gasarena handituz. Petroliotik eratorritako erregaiek energia kontsumo osoaren % 80 izaten jarraitzen dute.
Mugikortasuna eta garraioa ere funtsezko eremuak dira kontsumoa eta igorpen kutsatzaileak murrizteko. Horrek, Txostenaren arabera, EAEko enpresei aukera bat eskain diezaieke, hasi berria den merkatu baten etorkizuneko eskariari erantzungo dioten ekoizpen lantegiak sortzeko eta, horrela, osagaien fabrikazioa hartzen ari den gero eta protagonismo handiagoa sendotzeko. Gainera, aukera paregabea da energia alternatiboak garatzeko eta petrolioa fintzeko sektorea egokitzera behartuko du, zalantzarik gabe.
EAEko berrikuntza sistemak azken hamar urte hauetan ahaleginak egin ditu zientzia eta teknologiako eragileen gaitasunak enpresen ehunekin lerrokatzeko eta, horrela, jakintzan eta teknologian lortzen diren aurrerapenak merkatura iristea errazteko, “heriotzaren harana" deitutakoa gainditu nahian. Baina, enpresekiko harremanak aurrera egiten jarraitu behar du eta lankidetzarako mekanismo berriak sustatu behar dira, horien artean, enpresetako eta zentro zientifiko eta teknologikoetako langileen mugikortasuna.
Euskal Autonomia Erkidegoko eraldaketen eta ekonomia eta gizarte erronken konplexutasunak eskatzen du sektore publikoak ere berritzea, bai antolaketa egiturei dagokienez eta bai beste eragile batzuekiko harremanei begira, baliabide publikoen erabileran efizientziarik handiena bilatzeko. Azterketak azpimarratzen du sistemaren efizientzia bultzatzen jarraitu behar dela, arrazionalizazioa eta dimentsioa aztertuz. Era berean, administrazio bakoitzaren barnean, sailen arteko koordinazio estrategikoan eta administrazio desberdinen arteko koordinazioan aurrera egitea gomendatzen da.
Erronka nagusia: EAEko ongizate eredua berraztertzea
Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiakortasunari buruzko 2017ko Txostenak garrantzi handiko erronka bat jartzen du mahai gainean: EAEko ongizate eredua berraztertzeko beharra. Izan ere, hurrengo urteetarako aurreikusitako aldaketa global handien ondorioz, zaila dirudi gaur egungo ereduari eustea.
Etorkizuneko erronka handi horri erantzuteko, ezinbestekoa izango da gizartean adostasun zabal bat lortzea, ongizate eredu berri horrek eduki behar dituen ezaugarrien inguruan, helburua garapen orekatua izanik. Horretarako, funtsezkoa da ekonomia, gizarte eta politikako eragileen konpromisoa, baita herritarren parte hartzea ere.
Orkestrak hiru palanka identifikatu ditu, haien gainean eragin eta ongizate ereduaren iraunkortasunari laguntzeko. Lehenengo palanka da epe luzeko lehiakortasun iraunkorra bultzatzea, administrazio publikoen, kluster elkarteen eta zientzia, teknologia eta berrikuntzako eragileen laguntzaz. Bigarren palanka da hezkuntza sistemaren eta lan munduaren arteko doikuntza hobetzea lortzea, enplegagarritasuna handitzeko, bereziki gazteena, eta bizitzan zeharreko prestakuntza ekimenak bultzatzeko. Hirugarren palankak, bestalde, belaunaldien arteko loturarekin du zerikusia: gazteen eta adinekoen arteko bizikidetza sustatzera bideratutako espazioak eraiki behar dira, berrikuntzarako funtsezkoak diren aniztasuna eta osagarritasuna sortzeko.
Hiru palanka horien ondoan, Orkestrak beharrezkotzat du gogoeta estrategiko bat irekitzea EAEko ongizate ereduaren inguruan, eta berrikuntza mekanismoak bilatzea gizarte beharrei erantzuteko behar izango ditugun gaitasunak eta baliabideak sortzeko eta zerbitzuak eskaintzeko. Txostenak nabarmentzen du eredu horren iraunkortasuna bermatzeko ezinbestekoa dela ekonomia garapeneko politiken eta gizarte politiken etengabeko elkarrizketa.