2017 apirilak 6

Intalaciones fotovoltaicas WEB

Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko (Deustuko Unibertsitatea) Energia Katedrak ikerketa bat egin du instalazio fotovoltaikoek etxeko erabilerarako duten bideragarritasun ekonomikoa aztertzeko.

Lanak bi instalazio fotovoltaiko mota aztertzen ditu, eguzki energia elektrizitate bihurtzeko: isolatuak eta sare elektrikora lotuak. Azterketa hainbat egoeratan egin da, Bilbon eta Sevillan kokatutako instalazioetan –eguzki izpien irradiazio maila desberdina da toki bakoitzetan– eta energiaren ekoizpen eta kontsumo maila askotarako.

Txostenak sare elektrikora konektatutako etxeko kontsumitzaileentzat elektrizitatearen hornidurak izango lituzkeen kostuak aztertu eta instalazio fotovoltaiko isolatuen edo sarera lotutakoen horniduraren kostuarekin alderatu ditu. Lan honetan, hainbat hipotesi tekniko aztertu dira, urteko 3.000 kWh eta 5.000 kWh-ko eskariari lotuta, horiek baitira batez besteko kontsumitzaileentzat ohikoenak.

Instalazio fotovoltaiko isolatuen kostuak aztertutako egoeretan sare elektrikoak eskaintzen dituen kostuak baino askoz ere handiagoak direla ikusi da. Instalazio horiek hasieran inbertsio handia eskatzen dute, 17.000 eta 34.000 euro artekoa eta, gainera, eguzki panelak jartzeko azalera handia behar dute, 44-58 m2 ingurukoa Bilbon eta 29-44 m2 ingurukoa Sevillan. Inbertsio hori berreskuratzeko 26 urte baino gehiago behar dira, instalazioen ezaugarriak eta baldintzatzaileak kontuan hartuta. Horrenbestez, azterlanak ondorioztatzen du, aztertutako egoera horietan, isolatutako instalazio fotovoltaikoek, ekonomiaren ikuspegitik, ez dutela zentzurik, sarerako sarbidea eraginkorra denean.

Sarera lotutako instalazio fotovoltaikoei dagokienez, Orkestrako ikerlanak egoera berdinak aztertu ditu eta urtero autohornikuntzako tasak % 30 eta % 100 artekoak direla aurreikusi du. Txostenaren ondorioek erakusten dute sarera lotutako instalazio fotovoltaikoetan, hornikuntzaren batez besteko kostua sare elektrikoaren bidez lortutakoa baino % 16,6-% 60,8 garestiagoa dela, autohornikuntzako tasa % 100 denean. Horrenbestez, aukera hori, ekonomiaren ikuspuntutik, ez da batere interesgarria kontsumitzailearentzat.

Autohornikuntza tasa % 30ekoa bada, sarera lotutako instalazio fotovoltaikoetan hornikuntzaren batez besteko kostua hornikuntza arruntaren kostua baino % 8 txikiagoa izango litzateke Sevillan eta % 2 txikiagoa, Bilbon. Horrek urtean 11 eta 53 euro arteko aurrezkia ekarriko luke. Aurrezkia txikia bada ere, interesgarria izan daiteke kontsumitzaile batzuentzat, prest badaude hasieran 1.100-2.400 euro arteko inbertsioa egiteko, panelak jartzeko 6 eta 14 m2-ko azalera badute eta hasierako inbertsioa berreskuratzeko 10-16 urteko epea egokitzat ikusten badute.

Azterlanaren ondorioek agerian uzten dute sare elektrikoen eta hari lotutako zerbitzuen balioa oso handia dela eta sare horiek ezinbestekoak direla sarera lotutako instalazio fotovoltaikoetan, horniduraren jarraitutasuna bermatzen baitute eta beste zerbitzu batzuk eskaini, horien artean, energia trukea.