2017 martxoak 23
Europako eskualde horietako gobernu eta erakundeetako ordezkariak eta COMPETITIV'eko proiektuko erakunde bazkideak Hendaian elkartu dira gaur, proiektuaren aurrerapenak ezagutzeko eta elkarrekin gogoeta egiteko mugaz haraindiko lankidetzaren eskualde interesen inguruan, eskualdeetako bakoitzaren espezializazio ekonomikoa oinarri hartuta: Akitania Berria, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroa.
COMPETITITV’eko mugaz haraindiko proiektu estrategiko bat da, 2013an sortua, Europako POCTEFA programaren barruan. Berrikuntza eta lehiakortasuna sustatu nahi ditu, enpresen arteko lankidetzarako ekosistema bat garatuz, Akitania Berriak, Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroak osatzen duten euroeskualdean. Proiektu horretan ari dira CCI Bayonne Pays Basque, Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutua, Sodena, Gipuzkoako Ganbera eta Bihartean. Hiru eskualdeetako erakunde horiek partzuergo bat sortu dute.
Aipatutako ekosistema sortzeko ezinbestekoa da negozio kanalak eta erakundeen arteko lankidetza indartzea. Epe laburrera begira, lankidetzarako dinamika iraunkor bat zehaztu nahi da eta, hiru lurraldeetako RIS3 estrategiari begira, mugaz haraindiko eremu honen indarguneak aztertu. Epe luzeagora, berriz, mugaz haraindiko lankidetza hitzarmenak bultzatu nahi dira enpresentzat eta jakintza arloko eragileentzat, produktu berriak merkaturatzeko. Horretarako, COMPETITIV’eko proiektuan lurralde bakoitzeko ekonomia eragileekin lan egingo da (klusterrak, garapen agentziak, zentro teknologikoak, enpresak, unibertsitateak, etab.), eremu hauetan: manufaktura aurreratua, energia, agroelikadura eta bio-osasuna.
Proiektuaren Batzorde Estrategikoak bilera egin du gaur goizean Hendaian. Bertan izan dira euroeskualdeko erakundeetako ordezkariak eta Competitiv’eko proiektuko erakunde bazkideetako bakoitzeko kideak. Guztiek izan dute aukera proiektuaren aurrerapenak ezagutzeko eta mugaz haraindiko lankidetzarako interesen inguruan gogoeta egiteko, RIS3 estrategiei lotuta. Bileran parte hartu dute, besteak beste, Akitania Berria eskualdeko Ekonomiaren Garapenerako presidenteordeak, Bernard Uthurryk; Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako idazkari nagusiak, Jesus Maria Peñak; eta Nafarroako Gobernuko Ekonomiaren Garapenerako presidenteordeak, Manu Ayerdik.
Era berean, Proiektuaren pilotaje batzordea ere elkartu da, orain arte lortutako emaitzak partekatzeko eta mugaz haraindiko lankidetzaren eragingarritasunari lagundu diezaioketen politika, tresna eta eragile potentzialen inguruan gogoeta egiteko.