2016 abendua 1

visita colombianos WEB

Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuan izan dira, aste honetan, Bogotako eta Medellineko (Kolonbia) lurralde garapenerako eragile gakoetako batzuk. Orkestrak koordinatutako azterketa bidaia bat da, Unibertsitate Pontifikaleko Lehiakortasunerako Javier Zentroa (CJC-PUJB)Bogotako Merkataritza Ganbera (CCB) eta Connect Bogotá Region (CBR) erakundeekin batera antolatua.

Bisita honen helburua da ezagutzera ematea nola garatu den Euskal Autonomia Erkidegoko espezializazio adimenduneko estrategiak (RIS3) diseinatzeko eta ezartzeko prozesua, eta euskal esperientzia erabiltzea Kolonbiako eskualde horietan horrelako estrategiak ezartzeak dakartzan erronken eta proiektuen inguruan gogoeta egiteko.

Bogota hiri-eskualdeak diseinatu du jada RIS3 estrategia bat, CCB eta CBRren ekimenez, eta IDOM EAEko aholkularitza enpresaren laguntzaz. Baina, orain, estrategia hori gauzatu egin behar da. Horretarako, erreferentzia gisa erabil ditzake beste ingurune batzuetako esperientziak, lurralde estrategiak ezartzerakoan lankidetza publiko-pribatuaren bultzada izan dutenak. Halaxe izan da Euskal Autonomia Erkidegoan. Izan ere, azken hamarkadetan abian jarri diren eskualdeko lehiakortasun estrategiek hazkunde ekonomikoa eta gizarte inklusioa parte hartze publiko eta pribatuarekin uztartu dituzte, etengabeko eraldaketa prozesuan. Bestalde, Medellinek oraindik ez du bere RIS3a zehaztu, baina hura diseinatzeko partaidetza prozesuan murgilduta dago.

Orkestra EAEko berrikuntzari eta lehiakortasunari laguntzeko eragileen sarearen zati da, eta, ikerketa institutu izanik, beste toki batzuetako erakundeekin partekatu nahi du lurralde lehiakortasunari buruzko interesa, elkarrengandik ikasi ahal izateko.

Horregatik, bidaia honetan bi lurraldeetako parte hartzaileek esperientziak trukatzeko aukera izan dute: alde batetik, Orkestrak kolonbiarrei azaldu die zein metodologia landu duen, ikerketa zentro izanik, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde lehiakortasuneko eragile gakoekin lan egiteko. EAEko ekonomia eta gizarte garapenerako erakundeak, instituzioak eta ekimenak aurkeztu dizkie. Beste aldetik, Orkestrak aukera du bisitarien esperientziak eta erronkak entzuteko eta, bide horretatik, lurralde lehiakortasuna ikusteko, aztertzeko eta bideratzeko moduak aberastu ditu.

Asteko agendan bilerak eta bisitak prestatu dira. Orkestrako profesionalekin hainbat gaitan sakonduko da: institutuaren sorrera eta bilakaera, RIS3 estrategia Euskal Autonomia Erkidegoan, edo kluster politikak EAEn. Bisitei dagokienez, Innobasquen hartu dituzte, EAEn RIS3 estrategia ezartzeko prozesua lantzeko; Ikusi enpresan, enpresa bera eta mugikortasun eta logistika klusterra ezagutzeko, baita kluster politikaren ezaugarriak eta RIS3rekin duen lotura ere.

Bisita honek bultzada ematen dio Euskal Autonomia Erkdiegoaren, Bogotaren eta Medellinen arteko lankidetza prozesuari, hiru inguruetako gogoetak partekatu baitira aste honetako bisitetan eta bileretan. Gainera, loturak estutu dira Orkestraren eta Centro Javeriano de Competititividad erakundearen artean, aurrerantzean ere elkarrekin lan egiteko asmoz.