2016ko azaroaren 14a 

Universidades gobernanza

 

Izenburu hori du Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako Etorkizuna Eraikiz programaren deialdirako aukeratua izan den gure proposamenak. Programaren ardatzak berrikuntza eta lurraldeko gizarte antolatuarekin elkarlana dira eta 71 proposamena aurkeztu dira bertara. Horietatik, 14 proiektu berritzaile aukeratu dira, lurraldeak etorkizunean izango dituen erronkei aurre egiteko lagungarriak izan daitezkeenak.

Orkestrak eta Mondragon Unibertsitateko HUHEZI-Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak elkarrekin aurkeztu dute proiektu praktiko eta esku hartzeko hau. Ikertzailearen egitekoan kultur aldaketa sustatu nahi du, horrela ikertzailea gai izan dadin elkarlaneko gobernantzan parte hartzeko. Horretarako, bi gaitasun osagarri behar dira: unibertsitateaz kanpoko eragileekin batera jakintza sortzea eta, egoera konplexuetan, eraldaketa helburu duten ikerketa prozesuak bideratzea.

Helburu hori lortzeko, ikerketa-ekintza prozesu bat abiaraziko da, lurralde garapeneko prozesuetako bideratzaileei buruz Orkestrako ikertalde batek sortu duen jakintza partekatzeko onlineko tresna bat diseinatzeko. Ikerketa-ekintzako prozesuan prestatzen ari diren ikertzaileek eta Gipuzkoako garapen agentzietako teknikariek hartuko dute parte. Tresna diseinatzeko prozesuan beren jakiteak eskaintzeaz gainera, eragile horiek gogoeta egingo dute Gipuzkoako gizarte eta ekonomiaren eraldaketa dinamiketan duten egitekoaren inguruan bai eta Europako erakundeak bultzatzen ari diren Ikerketa eta Berrikuntza Arduratsuaren paradigma berriaren inguruan ere.

Prozesuaren ondorioz eraikiko den tresna Orkestrako webgunean jarriko da, eta unibertsitateek eta lurraldeko beste eragileek (zentro teknologikoek, administrazio publikoek eta enpresek) erabili ahal izango dute. Epe luzera, bideratze gaitasun horiek Gipuzkoako eragile gakoetara zabaltzeak indartu egingo du eragile horiek elkarlaneko gobernantzan parte hartzeko izango duten gaitasuna, lurraldeko berrikuntza ekosistemaren mesedetan.