2016 urriak 28
Gaur lantegi bat izan da eta bertan aurkeztu da “Gipuzkoan Enpresa Txiki eta Ertainen lehiakortasunerako gaitasun endogenoak sortzea" proiektuaren ondorioak jasotzen dituen gida. Gida horretan agerian uzten da ETEek antolaketa aldaketak egin behar dituztela, lehiakortasun maila handiagoak lortzeko.
Saioan parte hartu dute mundu akademikoko ordezkariek, antolaketa berrikuntzako adituek, tokiko garapen agentziek, enpresek eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Zerbitzuko arduradunak. Guztiok bat etorri da azpimarratzerakoan antolaketa aldaketa modu berean ulertzen dutela eta guztiok bultzatu nahi dituztela horrelako estrategiak.
ETEak inguru oso lehiakorrean mugitu behar dira eta horrek malgutasun handia eskatzen die. Egokitzeko gaitasun horrek eskatzen du ETEak gizarte sistema ireki baterantz mugitzea, giza kapitalaren garapenean oinarrituko dena, langileak suspertzearen eta ahalduntzearen bidetik.
Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuaren proiektu honen funtsezko helburua da Tokiko Garapen Agentziei beren inguruko enpresa txikiak antolaketa aldaketako prozesuetan gidatzeko eta prozesu horietan laguntzeko beharrezko dituzten jakiteak eta gaitasunak eskaintzea.
Proiektuaren ardura hainbat eragileren eskuetan egon da: Orkestrako diziplina arteko talde bat (Henar Alcalde, Usue Lorenz, Jabier Retegi, Aitziber Elola, Lorea Larrabeiti eta Elsa Patusek osatua); Oarsoaldea, Urola Kosta, UGGASA (Urola Garaia) eta Debegesa (Debabarrena) tokiko garapen agentziak; eta Andoaingo Udala. Eragile horiek ETEetan antolaketa aldaketa sustatu beharra ikusi zuten, horrela lehiakortasun handiagoa lortzeko. Ildo horretatik, aldaketa prozesuak ardurak banatzeko eta erabakiak hartzeko modu berriak erabiltzen hastea esan nahi du.
Agentzia parte hartzaileek nork bere eskualdeko enpresa baten antolaketa aldatzeko prozesua bideratu dute, horrela, etorkizunean, inguruko enpresetan eragin biderkatzailea izateko. Zehazki, enpresa hauek hartu dute parte: Ekolur, Ekolio, Zuri-Zuri eta Mecanizados Alkain. Debegesari dagokionez, esperientzia agentzian bertan gauzatu da.
Prozesua hainbat saiotan antolatu da eta bertan parte hartu dute Orkestrak, agentziek, enpresek eta Hobest SL aholkularitzak, tokiko garapen agentziei ekintzak aurrera eramaten laguntzeko azpikontratatu denak. Ekimen honetan parte hartu duten ETEek egiteko aktiboa izan dute tokiko garapen agentzientzat gaitasunak sortzea helburu zuen prozesuan. Esperientzia horren ondoren, “Aldaketarako gida” bat prestatu da, antolaketaren diagnostikoa, ekintza planaren azterketa eta enpresarentzat banakako jarduera proposamena jasotzen dituena.
Orkestrak prozesuaren garapen osoa eta prozesu horretan zehar sortutako jakiteak jaso ditu eta “Antolaketa aldaketako enpresa prozesuen kudeaketa eta lidergoa tokiko garapen agentzien bidez" izeneko argitalpen akademikoan eman ditu ezagutzera. Dokumentua laster egongo da eskuragarri Orkestraren webgunean eta proiektuaren emaitzak azalduko ditu, baina kasuan kasu lortutako aurrerapenak ere.