2016 ekainak 23

Orkestra Bihartean web

Orkestrak Akitania, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroaren arteko mugaz haraindiko partzuergo batean parte hartzen duGipuzkoako BazkundearekinCCI Bayonne  eta Sodena-Nafarroako Garapen Elkartearekin batera. Partzuergo hori Espainia, Frantzia eta Andorraren arteko lurralde lankidetzako programak aukeratu du (POCTEFA 2014-2020), lehenengo deialdian.

POCTEFA 2014-2020 lurralde lankidetzarako Europako programa bat da, hiru herrialdeen arteko lurralde mugakidearen garapen jasangarria sustatzeko sortua. Programak Pirinioen bi aldeetako eta kostaldeko eragileek diseinatu eta kudeatzen dituzten mugaz haraindiko lankidetza proiektuak sustatzen ditu, lurraldearen garapen adimendunari, jasangarriari eta integratzaileari erreparatuta.

Gure proiektuak, COMPETITIV’EKO izenekoak, POCTEFAren 1. ardatzean eragin nahi du (‘Berrikuntza eta lehiakortasuna suspertzea’), Akitania, Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan mugaz haraindiko enpresen lankidetzako ekosistema bat garatuz. Horretarako, erakunde eta enpresen arteko lankidetza kanalak sendotzeko lan egingo dugu. Proiektu honetatik espero diren emaitzen artean daude, epe labur eta ertainera, lankidetza dinamika iraunkor bat hastea; mugaz haraindiko eremuaren indarguneak kontuan hartzea hiru lurraldeetako RIS3 estrategietan; eta, epe luzera, enpresen eta erakundeen arteko lankidetza kultura hobetzea.

Proiektu hau Bihartean erakundearen (CCI Bayonnek eta Gipuzkoako Ganberak osatutako mugaz haraindiko Ganbera) eta Orkestraren arteko lankidetza estrategikoaren emaitza da. Bi erakundeak elkarrekin ari dira lanean 2013az geroztik eta lan hori babestu du AECT Euskadi-Akitaniak. Hain zuzen ere, bi erakundeen gaitasun analitikoak eta elkarrekintzakoak uztartu ahal izan dira proiektuan. Gaitasun analitikoak nagusiki Orkestrak jarri ditu; elkarrekintza, nagusiki Biharteanek.

COMPETITIV’EKO proiektuan ere, Orkestrak egiteko analitikoa izango du: proiektuaren faseetako bakoitzean, jakintza eskainiko du eta, gainerako bazkideen ekarpenekin eta esperimentazioarekin batera, jakintza berria sortu ahal izango da.

COMPETITIV’EKO proiektua 122 hautagairen artean hautatu dute. Hautagai horiek FEDER-Eskualde Garapeneko Europar Funtsetik 151 milioi euro eskatzen zituzten. Hautaketa prozesuaren ondoren, 58 proiektu eman dira ontzat eta 71,2 milioi euroko finantzaketa jasoko dute.