Sare elektrikoaren erronka nagusia betidanik izan da argindarraren hornidura bermatzea, ahalik eta kalitate- eta segurtasun-maila egokienaz eta ahalik eta kostu baxuenaz. Karbono gutxiko ekonomiara abiatzeak, baina, betebehar eta erronka berriak ere erantsi dizkio gaur egungo sare elektrikoari. Horrek guztiorrek, gaur egungo sarea eraldatu beharra dakar eta, horrek, halaber, teknologia berrien instalazioa ez ezik, kontsumitzaileok orain artean sarean parte hartzeko izan dugun modua aldatzea ere badakar.
Sare elektrikoari eta argindarraren hornikuntzari dagozkien eguneroko gorabeheren jarraipena egin eta ulertzea, baina, ez da batere lan erraza, ez dagokio, gainera, kontsumitzaileari. Haatik, sare horren bilakaerak kontsumitzaileon parte-hartze aktiboagoa eskatuko duela aurreikusten da eta, beraz, komenigarria da -araudia eta teknologia alde batera-, geroz eta sarriago entzuten ditugun zenbait kontzeptu argitzea. Are gehiago Euskadin, non Bidelek Sareak proiektua gauzatzen ari den. Proiektu horrek sare adimendun bat instalatuko du Bilbo aldean eta Lea Artibain, Espainiako araudiak agintzen duen kontagailuen instalazioaz baliatuta.
Nonbaitetik hastekotan, sare adimendunak zer diren ulertzen eta kontsumitzaileongan zein eragin duten jakiten hasi beharko ginateke. Definizio asko daude, baina kasu honetan egokiena Europako Sare Adimendunen Plataformak ematen du: “Sare adimenduna deritzo sare horretara konektaturik dauden erabiltzaile guztien jarduerak modu eraginkor batean integratuz, energia-sistema iraunkor eta ekonomikoki eraginkorraz gain, elektrizitatearen horniduraren segurtasun- eta kalitate-maila altua bermatzen dituen sareari”.
Zertan datza, baina, gaur egun ditugun sareen eta etorkizunean izango ditugun sare adimendunen, smart grid deituriko horien, arteko ezberdintasuna? Galdera horri erantzuteko, oinarrizko berezitasun bi nabarmenduko nituzke. Batetik, gaur egun sare elektrikoan gai bakarraren fluxua dugu: elektrizitatearena, hain zuzen ere. Etorkizunean, ordea, elektrizitateaz gain, datuak edota informazioa ere garraiatuko ditu. Bestetik, gaur egungo sareetan elektrizitatea noranzko bakarrean garraiatzen da: sorburutik kontsumo-puntura arte. Etorkizuneko sareetan, berriz, energiak eta datuek, noranzko bi izango dituzte: sorburutik kontsumo-puntura artekoa eta alderantzizkoa. Horretarako, monitorizazio-, kontrol- eta komunikazio-teknologiez gain, sare honek produktu eta zerbitzu berritzaileak eskaini beharko ditu.
Kontuan izan behar dugu, argindarraren garraio eta banaketari atxikitako jardueretan diharduten eragileez gain, 80.000 bat sortzaile eta 28 milioi kontsumitzaile lotzen dituela sare elektrikoak eta nork bere helburuak dituela, oro har. Ezinbestekoa da, beraz, erabiltzaileek dituzten interes ezberdinak bateratzea. Eta horretarako oinarrizkoa da, nire ustez, kontsumitzaileari informazioa ematea eta eragile ezberdinen arteko elkarrizketa sustatzea.
Ukaezina da etorkizuneko sareek lagunduko dutela banatutako sorkuntza, hau da, tentsio baxu edo ertainera konektaturik egonda kontsumitzen den puntuan bertan sortzen den argindarra, sistema elektrikoan integratzen. Horrekin, kontsumitzaileok argindarra jaurti ahal izango dugu sarera, auto elektrikoa edo beste sorgailuren bat bertara konektatuz.
Aldi berean, argindarraren merkaturatzaileek kontsumitzaileok ditugun kontsumitzeko joeren berri izan ahalko dute, sare elektrikoak beharrezko datuak emango baitizkie. Ondorioz, gure eskakizunetara hobeto egokitzen diren eskaintzak egingo dizkigute, segur aski; izan ere, gure fideltasunari eusteko, merkaturatzaileen arteko lehia sustatuko dela iragar liteke eta, ondorioz, espero da kontsumitzaileok zerbitzu hobea jasotzea. Hala bada, abantaila ukaezina eskainiko digu sare adimendunak kontsumitzaileoi.
Horri guztiari bide egingo dion sareen eraldaketa martxan da dagoeneko eta, zenbait lekutan, kontsumitzaileek beren eskura dituzte jadanik etorkizuneko sare adimendunek eskaintzen dituzten abantailetariko batzuk; izan ere, dagoeneko, 10 milioi inguru kontsumitzailek dituzte instalatuta kontagailu adimendunak eta kontagailuoi dagozkien teleneurketa- eta telekudeaketa-sistemak. Horiek guztiek pasa den urrian indarrean sartu den orduz orduko fakturazioa izango dute. Izan ere, Red Eléctrica de España Espainiako sistema elektrikoaren operatzaileak egunero argitaratuko du, 20:15 aldera, biharamuneko 24 orduetariko bakoitzean elektrizitateak zer prezio izango duen. Hortaz, kontsumitzaileak aldez aurretik jakingo du elektrizitatea noiz kontsumitu ahalko duen merkeen eta, horren arabera, hein batean, bere elektrizitate kontsumoa kudeatu ahal izango du. Horrez gain, ohiko sareetan txertatutako teknologia horiei esker, kontsumitzaileari zehatz-mehatz fakturatu ahal izango zaio egin duen kontsumoa. Fakturazio modu hori hasi berria denez, azkar da oraindik zer eragin izango duen baloratzeko, baina badugu horren harira CNMC-Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordea hilero argitaratzen hasiko den buletina kontsultatzerik ere. Orduan jakingo dugu etorkizunera begira sare elektrikoan egin diren aldaketek kontsumitzaileongan izan duten ondorioa.
Unai Castro
Unai Castro Industria Ingeniaritzan lizentziaduna da, Energia Tekniken espezialitatean, Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoan. Bertan egin zuen, halaber, Energia Ingeniaritza Jasangarriko Masterra.
Ikerketan hasi zen, SOFC erregaien pilen teknologia garatzen, Ikerlan-IK4 Ikerketa Teknologikoen Zentroko Energia Unitatean. Ondoren, irakasle-ikertzaile izan zen Euskal Herriko Unibertsitatean.
2011z geroztik Orkestrako Energia Katedran ari da lanean. Bertan, energiaren sorkuntza banatua du aztergai, baita elektrizitatearen sektorea eta lehiakortasunarekin eta industriaren garapenarekin duen lotura ere.