Jon Azua Nazioen lehiatzeko abantaila
 2015
Álvarez, E.; Larrea, M.; Díaz, A.C.; Mosácula, C.
Instituto Vasco de Competitividad-Fundación Deusto

Euskera // ISSN: 2340-7638 // Hitz gakoak: Lehiakortasuna, Euskal Autonomia Erkidegoa, ekonomia, gizarte garapena, estrategia, klusterrak, kluster politika

 

Jeitsi Hemen

Ekonomia berriak eta ongizate gizarteek zergatik gomendatuko lukete geraleku berri bat jartzea lehiakortasunerako bidaia luzean, duela 25 urte argitaratu zen "nazioen lehiatzeko abantailaren" ildotik?

Orain dela hogeita bost urte baino gehixeago, Euskal Autonomia Erkidegoak garapenerako bere estrategia eraikitzearen aldeko apustua egin zuen eta bere etorkizuna diseinatzeko erronkarekin konpromisoa hartu. Euskal Autonomia Erkidegoak ahalik eta autogobernu mailarik handiena eskuratu nahi zuen, Estaturik gabeko nazio izanik, diktadura luzetik atera ostean. Hain zuzen ere, diktadurak Espainiako ekonomia autarkikoa izatea eragin zuen, mendebaldeko demokrazietatik guztiz isolatua. Horrek guztiz mugatzen zuen euskal erakundeek beren etorkizuna eraikitzeko izan zezaketen ahalmena eta erantzukizuna, baita gizarteari ongizate maila handiagoa lortzen laguntzeko erabil zitzaketen tresnak ere. Garai hartan, euskal ekonomiak historiako krisi ekonomiko, politiko eta sozial handienetako bat bizi zuen: indarkeriak gogor jotzen zuen gizartea, langabezia % 25etik gorakoa zen, BPG jaisten ari zen, eta industria sektore gakoak –altzairuaren nagusitasunean eta industria metal-mekanikoaren inguruan egituratuak– erortzen ari ziren, domino fitxen moduan. Garai bertsuan, Europako sei herrialde Ekonomia Elkartea osatzen hasiak ziren, baina gu periferian geunden, guztiz baztertuta, Londres-Milan etorkizuneko ardatz izango zen "banana urdinetik" urrun. Administrazio berria eraikitzen hasi berriak ginen, inongo esperientziarik gabe, baina ilusio handiz; eta enpresa mundua garai berrietara moldatzen eta sindikatuekin bizitzen ikasten ari zen, diktadura zaharrak haiek ezkutuan utzi baitzituen.
Erronka konplexu baina zirraragarri horren aurrean, apustu hori lantzeko pribilegioa izan genuenok, lehenengo, munduko ekonomiaren egoera azalduko zuten gako nagusiak eta aldaketaren joera nagusiak interpretatzeari ekin genion (gure analisiak
eginez eta gure asmoak eta ametsak egi bihurtu nahian), eta euskal ekonomian izan zezaketen eragina aztertzen hasi ginen (“Munduko ekonomiak erakusten diguna").

Eta, abiapuntu horretatik aurrera, “Geure ekonomia eta geure herrialdea modernizatzeko eta nazioartekotzeko estrategia” deitutakoa definitzen hasi ginen.

Zentzua eman nahi genion jokalari berriengandik (Estatuak, hiri-eskualdeak, lurraldeak…) espero zitekeen rolari; izan ere, rol horietan gure herrialde txikia –hirieskualdearen ezaugarriak zituena, nazioz azpiko eremua izanik, Pirinioen bi aldeetara egituratu gabeko eremuan–, beste batzuekin batera, protagonista izan zitekeen eta, horrela, gizarteari etorkizun oparoa eskaini. Arrakastako estrategia aurrera eramateko esparru eta tresna egokiak ere behar genituen. Paradigma berriek sortuko zituzten beharren eta garai hartako gure esparru politiko-ekonomikoak eskaintzen zizkigun tresnen (edukiak, gaitasunak, garapen potentzialak) arteko aldea identifikatu genuen, eta azterketa horri herrialdearen estrategia erantsi genion, geurea, arreta berezia eskaintzen ziena gure gizarteak, ongizate eta garapen maila jakin bat erdiesteko, behar zituen ekimenei eta faktore edo bektore kritikoei.

Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritza Michael E. Porterrengana hurbildu zen, garai hartako bere ideia eta kontzeptuetara, eta lankidetza prozesu bati ekin genion (gaur egun oraindik ere indarrean dagoena). Horrela, "Euskal Autonomia Erkidegoko
lehiatzeko abantaila” baino gehiago eraiki genuen, “lehiakortasunerako eta oparotasunerako bidaia" zirraragarri eta amaitu gabean. Euskal Autonomia Erkidegoak pribilegio bat du orduz geroztik: Porterrek proposatutako kontzeptuak, ikuspegi estrategikotik eta osotasunean, aplikatu zituen lehenengo nazioa izatea.

Hain zuzen ere, kontzeptu horiek, urte batzuk geroago, "Nazioen Lehiatzeko Estrategia” liburu ospetsuan argitaratu zituen, orain dela hogeita bost urte. Lan horrek, mundu osoan zehar, politika eta estrategia zenbatezinak diseinatzea ekarri du, jarraitzaileak ugaritzea, prestatzaileak prestatzea, ikertzaile eta akademiko berri asko eta asko sortzea, policy maker berriak, lehiakortasunerako tresna berriak, eta oparotasun maila ikusgarriak planeta osoan zehar.

Orduz geroztik, gure proiektu berezi, bizi eta aldakor honetan elkarrekin lan egin dugu, erronka berriei eta ekonomiaren eta gizartearen eskari berriei erantzunez, eta Herrialde mailako estrategia bat eraikiz eta gauzatuz. Horrek guztiak ekarri du gure
emaitzak inguruko ekonomienak baino hobeak izatea. Michael E. Porterrek Lehiatzeko Abantailan proposatzen duen kontzeptuaren osagarri berriak ere (Lehiakortasunaz gainera, Shared Value Initiative eta Gizarte Aurrerapena) kontuan hartzen dituen esparru kontzeptuala aurrean izanik eta egunez egun ikasitako ekarpenekin, geure bokazio, izaera, borondate eta konpromisoarekin guztiz
lerrokatuta. Prozesu amaigabea, pertsonak abiapuntu eta helmuga hartzen dituen estrategia eraikitzeko apustu zaharraren eredutik eta ulertzeko modutik hasi zena.

Jeitsi Hemen

Global partners

Partners