Inscripcion

Euskal Autonomi Erkidegoko Lehiakortasunari buruzko 2011ko txostena. Konplexutasun berrian lideratzea.

Une honetan, euskal ekonomia mantso-mantso ari da ekonomiaren uzkurraldi larri batetik ateratzen hasten, finantza sistema globala ia desegin eta horren ondoren, ekonomia garatu gehienetan atzeraldi sakona bizi eta gero. Garai hauetan, munduko ekonomi ingurunean ziurtasun eza da nagusi eta abaguneko gorabeherak bizi ditugu, egiturazko aldaketen bolada honen baitan. Prozesu horrek konplexutasun berri bat dakar, ondoko faktoreek eragina: globalizazio prozesua, jarduera ekonomikoan murrizketa berriak –egitura demografikoaren, energiaren, natur baliabideen eta ingurumenaren bilakaerari lotutakoak– eta helburuak uztartu beharra, uste baita ongizatea ez dela soilik biztanleko errentaren araberakoa.

Konplexutasun berri horretan lider izateak eskatzen du aurreko eskema eta jokabideen inertzia haustea. Sakon hausnartu behar da garrantzi handiko hainbat gairi buruz, ingurune berri honetan lehiakortasuna baldintzatuko duten erronkei erantzuteko oso garrantzitsuak baitira. Gai horietan lehena ekonomiaren esferetan ikus daitekeen aniztasuna da: ekoizpen egitura, berrikuntzako estrategiak eta ekintzailetza. Aniztasun horren erronkei aurre egiteko eta aukerez baliatzeko modua lurraldea osatzen duten pertsonen eta erakundeen ikasteko gaitasunaren araberakoa izango da neurri handi batean. Horixe da, horrenbestez, aztertu beharreko bigarren gaia. Baina inongo lurraldek ezin du konplexutasun berri honetan lider izan soilik bere baliabide eta gaitasunak aintzat hartuta. Arrazoi horregatik, hirugarren gai interesgarria enpresen, pertsonen eta jakintzaren irekitze eta konektibitatearen ingurukoa da.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiakortasunari buruzko 2011ko Txostenak, Orkestraren aldizkako txostenetan hirugarrenak, Euskal Autonomia Erkidegoko lehiakortasunaren gaur egungo egoeraren inguruko hausnarketa eskaintzen du, baita etorkizunera begira erronka eta aukerak ere. Ingurune horrek Orkestraren jardueran eragina izango du eta, erakundearen proiektuen bidez, baita Institutuarekin lankidetzan aritzen diren lurraldeko gainerako eragileen jardueran ere.

Txostena ikusi