Azken bi hamarkadetan, unibertsitateek berrikuntzan, ekonomian, gizarte aldaketan eta, azken batean, lurralde garapenean duten zereginari buruzko hausnarketa eta eztabaida nabarmen hedatu da. Ildo horretatik, unibertsitateei Europako hainbat programatan, esate baterako, Espezializazio Adimendunerako Ikerketa eta Berrikuntza Estrategietan (RIS3) eta Ikerketa eta Berrikuntza Arduratsuan (RRI), eskatzen zaie kide ez-akademikoekin modu aktiboan lan egitea eskualdeko eta gizarte arloko gaiak lantzeko. Horregatik, unibertsitateen bi eginkizun eta jarduera nagusiez gain (irakaskuntza eta ikerketa), gizarte eta politika ikuspegitik gero eta gehiago eskatzen da unibertsitatearen hirugarren misioa eta, hortaz, jarduera nagusietako bat, lurralde garapena izatea. Eta, horretarako, oso garrantzitsua da unibertsitatea gizarteko beste eragile batzuekin inplikatzea, elkarri eragitea eta konprometitzea, lurraldeek aurrean dituzten erronkak lantzen lagunduko duen jakintza elkarrekin sortzeko.

Kultura eta Sormen Industriak (KSI) jakintzaren ekonomia globalizatu baten zati dira, sormena, jakintza eta trebetasuna ezinbestekoak baitira berritzeko eta/edo eskualdeko abantaila lehiakorrei eusteko. Hori dela eta, unibertsitateen eta KSIen arteko lankidetzak berrikuntza eta lurralde garapena sustatzeko potentziala du. Beraz, garrantzitsua da kontuan hartzea unibertsitateek KSIen garapenean egin dezaketen ekarpena, kontuan hartuta biak Eskualdeko Berrikuntza Sistemaren parte direla.

Eskualdeko Berrikuntza Sistemak, Philip Cooke-k adierazi zuen bezala, bi azpisistema ditu: bata, jakintza sortzeko azpisistema, beste eragile batzuen artean unibertsitateak dituena, eta, bestea, jakintza ustiatzeko azpisistema, besteak beste, enpresek osatua. Eskualdeko Berrikuntza Sistemako eragileen arteko komunikazio eraginkorrak helburu komunak, ikuspegi partekatua eta harreman sare bat eskatzen ditu. Funtsezkoa da azpisistema horien artean jakintza trukea eta etengabeko lankidetza sustatzea, lurralde garapena bultzatzeko. Eskualdeko Berrikuntza Sistemetan, jakintza lurraldean errotuta dago, bertako eragileen artean banatuta. Gainera, nabarmendu behar da jakintza horren zati oso garrantzitsu bat tazitua dela eta pertsonen trebetasunetan eta erakundeen errutinetan eta prozeduretan ez ezik, ingurunean ere txertatuta dagoela, baita enpresen arteko harremanetan eta enpresen eta erakunde ingurune zabalagoaren arteko harremanetan ere. Ekonomia neoklasikoan aintzat hartzen ez bada ere,  jakintza hori ez da guztiz kodifikagarria, eta pertsonen arteko elkarrekintza zuzena eskatzen du transmititua izateko. Eta, eraginkortasunez zabaltzeko, garrantzitsuak dira hurbiltasun fisikoa eta kognitiboa. Beraz, jakintza tazitua pertsonekin baino ezin da transmititu, edo eragileen arteko zuzeneko harremanarekin eta bizikidetzarekin, horiek gabe ezin baita sortu transmisioa gauzatu ahal izateko konfiantza eta ulermenaren oinarria.

KSIen kasuan, jakintza tazituak beste sektore batzuetan baino garrantzi handiagoa hartzen du. Industria horien produktuaren eta prozesuen izaera oso ukiezin, sortzaile eta subjektiboari zor zaio hori, kasu horretan, jakintza ezin baita beti modu esplizituan adierazi. Beraz, KSIen eremuan, unibertsitateen eta industriaren artean jakintza sortu, transmititu, sozializatu eta ustiatzeko modu berriak behar dira.

Ildo horretatik, Abigail Gilmore edo Roberta Comunian egileek, gai honi buruz asko ikertu eta idatzi dutenek, unibertsitatearen eta industriaren arteko espazio komunak sortzea proposatzen dute, jakintza trukatzea posible izan dadin, adibidez, Erresuma Batuko "Knowledge Exchange Hubs for the Creative Economy" edo Euskadiko "KSIGune". Egileek azaldu dute espazio horiek bi aldeen arteko harreman organikoaren bidez sor daitezkeela edo politika publikoen bidez bultza daitezkeela. Baina, espazio horiek benetan eraldatzaileak eta bi aldeentzat baliotsuak izan daitezen, garrantzitsua da norabide eta asmo jakin bat ematea. Espazio komun edo elkarrizketa gune horiek jakintza mota desberdinak daudela aitortzetik abiatu behar dute eta azpimarratu jakintza mota horiek guztiak direla baliozkoak eta beharrekoak KSIentzako irtenbide iraunkorrak elkarrekin sortzeko eta, oro har, lurraldearen erronkei erantzuteko. Gainera, gune horietan garrantzitsua da lankidetza horietako botere harremanak kontuan hartzea eta aitortzea, jakintza sortzeko prozesuan alderdi guztien parte hartze orekatua bermatu ahal izateko.

Lerro hauen bidez, gogoetarako leiho bat ireki nahi izan dut, Kultura eta Sormen Industriei dagokienez, unibertsitatearen hirugarren misioak edo lurraldean duen eginkizunak dakarren erronkari buruz. Gai horri buruzko hausnarketa izango zen apirilaren 15, 16 eta 17an EAEko hiru hiriburuetan egin zen Creativity World Forum 2024aren ardatza.


miren larrea

Ibone Eguia

Ibone, ekonomian graduduna da Euskal Herriko Unibertsitateagatik. Doktoratu aurreko ikertzaile gisa lan egiten du Orkestran, Euskal kultura-sektorearen lehiakortasunaren analisiarekin lotutako proiektuetan.

Profila ikusi