Parisko Akordioak, 2015ekoak, berotze globala gehienez ere 2 °C-ra, eta lehentasunez, 1,5 °C-ra, mugatzeko helburua ezarri zuen, industriaurreko mailekin alderatuta. Bestalde, Europako Batzordearen “Europako Itun Berdea” Komunikazioak (aurrerantzean, EIB), 2019ko abendukoak, Europar Batasuna ekonomia modernoa, lehiakorra eta baliabideen erabileran efizientea bihurtzeko epe ertain eta luzeko hazkunde eta lehiakortasun estrategia ezartzeko printzipio gidariak eta bide orria zehaztu zituen.
EIBk ekonomiaren eraldaketa berde, zirkular, digital eta bidezkoa bideratu nahi du, ingurumenaren jasangarritasuna zeharkako dimentsio gisa hartuta. EIB onartu zenetik, eta pandemia garaia izanda ere, bide orrian estrategiak eta planak onartzeko, Zuzentarauak berrikusteko edo Araudi berriak onartzeko hitzartutako epe gehienak bete dira. Gainera, Europar Batasuna EIBren oinarriak egokitzen ari da Europako industriaren lehiakortasuna arriskuan jartzen duten erronka geopolitiko eta geoekonomiko berriei ere erantzuteko, horien artean, Txina edo Ameriketako Estatu Batuen lehia.
Itxuraz, Parisko Akordioa sinatu eta EIB argitaratu zenetik, ingurumen kontzientzia pizten ari da eta “betiereko” jasangarritasuna bilatzeari gogoz ekin zaio. Horrelakorik ez zuten lortu ez Meadows txostenak, ez Espainiako Konstituzioak (1970eko hamarkadakoak), ez Bruntland Txostenak (1980ko hamarkadakoak), ez Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru Hitzarmenak eta Kiotoko Protokoloak (1990eko hamarkadakoak), ezta 1980ko hamarkadaz geroztik, IPCCk (Klima Aldaketari buruzko Adituen Gobernu arteko Taldeak) eta ingurumena babesteko lan egiten duten gobernuz kanpoko erakunde askok argitaratu izan dituzten txostenek ere.
Ildo horretatik, Orkestrak Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiakortasunari buruz argitaratu dituen azken hiru txostenek kontuan izan dute gure herrialdearen erronka handienetako bat ingurumen jasangarritasunean aurrera egitea dela. Labur-labur esanda, 2020ko txostenak trantsizio berdearen beharra nabarmendu zuen, lurraldearen erresilientzia indartzeko eta ekonomia suspertzen laguntzeko, osasun krisiaren eraginak kaltetu baitzuen. 2021eko txostenean, Orkestrak “ongizatea helburu duen lehiakortasun esparru berria” aurkeztu zuen eta trantsizio berdea bizkortzea premiazkoa zela adierazten zuen bertan. 2022an, ingurumen jasangarritasunean aurrera egiteko beharra identifikatu zen, lehiakortasuna bermatzeko lehentasunezko zeharkako ekintzatzat hartuta. Gainera, industria lehiakortasun jasangarrirako lidergoan aurrera egin beharra ere azpimarratu zen.
Emaitza horien eta hausnarketa sakon baten ondorioz, erabaki zen lehiakortasunari buruzko 2023ko txostena lehiakortasun jasangarrirako trantsizioari eskaintzea, trantsizio horrek euskal ekonomiaren eta enpresen lehiakortasunaren oinarriak indartu behar dituela eta ongizate handiagoa sortu behar duela jakinik. Prozesu horren konplexutasuna ulertzen laguntzeko, txostenean ongizatea helburu duen lehiakortasun esparrua erabiliko dugu, 2021ean garatua. Beste elementu batzuk ere jorratuko badira ere, txostenaren ardatza sei palanka dinamikoak aztertzea izango da, horien gainean eragin baitaiteke emaitza hobeak lortzeko, bai ekonomia eta enpresa alorrean eta bai ongizatearen alorrean.
Horrela, kapital naturala aztertuko da lehenengo, eta baliabide estrategikoak eta energiakoak deskribatu ondoren, EAEko ingurumen sektorearen datuak eguneratuko dira. Bigarren, kapital fisikoaz hitz egingo da. Palanka horretan, EAEko kapital stocka deskribatuko da, hainbat sektore eta jarduera eremutan (energia, digitala, garraioa, industria, eraikuntza, hondakinak, ura...). Gainera, trantsizio jasangarrirako azpiegitura kritikoak hedatzeko erronka nagusiak identifikatuko dira.
Hirugarren palankarako, finantzaketarako, EAEko finantza ekosistemaren indarguneak eta berariazko mekanismoak aztertuko dira, mikro ikuspegitik, eraldaketa jasangarriari aurre egiteko. Puntu horrekin batera, finantzaketa publiko-pribatuko eta ekoberrikuntzako eskema berritzaileen azterketa labur bat ere egingo da.
Jakintzari dagokion palankan, aztertuko da nola lagundu diezaioketen jasangarritasunari jakintzaren sorkuntzak eta I+Gko jarduerek. Bestalde, bosgarren palankak, giza kapitalari buruzkoak, EAEko herritarrek jasangarritasunari lotuta dituzten gaitasunak aztertuko ditu, eta prestakuntza eskaintzari buruzko datuak ere emango dira.
Azken palankaren azterketak, kapital sozial eta instituzionalari buruzkoak, elkarlaneko gobernantzaren eskema berritzaile eta efizienteetan aurrera egiteko beharra nabarmenduko du, ardatz kritikoa baita trantsizio jasangarrian, irabazleak (aukera berrien ondorioz) eta galtzaileak egongo direlako. Era berean, aipamena egingo zaie elkarrekikotasunean oinarritutako rolen definizioari, ikuspegi partekatua sortzeari eta gatazkak agerian jartzeari, elkarrizketa espazioen bidez adostasuna eraikitzeko. Elementu horiek jasangarritasunerantz aurrera egiteko elkarrizketara eraman daitezke. Net-Zero Basque Industrial Super Clúster ekimenaren azterketa labur bat ere egingo da, eragile publiko eta pribatu askoren arteko lankidetzan oinarritutako proiektu estrategiko baten adibide egokia delako, euskal industriak eraldaketa jasangarrian aurrera egin dezan.
Palankak aztertu ondoren, trantsizio jasangarrian aurrera egiteko aukerak identifikatuko dira eta horiei lotutako zenbait gomendio proposatuko dira.
EAEk erronka handiak ditu ingurumenaren ikuspegitik jasangarriak diren ekonomia eta gizartea lortzeko trantsizioan, eta erakundeek, enpresek eta herritarrek ahalegin handia egin beharko dute horretarako. Baina, hala eta guztiz ere, aukera ugari sortuko dira, EAEko ekonomian balio erantsi handiagoa sortzeko eta herritarren ongizatea areagotzeko. Lehiakortasunari buruzko 2023ko Txostenak, aurtengo azaroan aurkeztea aurreikusten dugunak, aukera horiek ikuspuntu errealista batetik nola gauzatu daitezkeen argitzen lagundu nahi du, baikor izanik. Izan ere, erronkak handiak badira ere, trantsizioak aukerak ere ekarriko ditu eta emaitza onak lor ditzake, bereziki ingurumen jasangarritasunari begiratuta, baina baita ekonomia eta gizarte ikuspegitik ere, prozesua behar bezala bideratzeko gai bagara.
Jorge Fernández
Jorge Orkestrako energia arloko ikertzaile seniorra eta koordinatzailea da, 2018ko martxoaz geroztik. Ekonomian doktorea Georgetowngo Unibertsitatean (Washington DC), esperientzia profesional zabala du energia sektorean.
Susana Franco
Susana Orkestrako ikertzaile seniorra da. Euskal Herriko Unibertsitatean Ekonomia Matematikoko espezialitatea egin ondoren, Susana Franco Ingalaterrara joan zen garapen ekonomikoaren alorrean masterra eta doktoregoa egitera. Erresuma Batuko eta Latino Amerikako hainbat unibertsitatetan lan egin du. Gainera, garapenaren alorreko esperientzia du, Gobernuz Kanpoko Erakunde batean aritu baita lanean. Bestalde, aholkularitza lanak egin ditu Nazio Batuen agentzietarako.
Macarena Larrea
Macarena Larrea, Orkestrako Ikertzailea, Enpresen Sustapen eta Garapenean doktorea da, Euskal Herriko Unibertsitatean, “Internalización de los costes externos de la producción eléctrica” tesia egin ondoren.
James Wilson
James Wilson Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ikerketa zuzendaria da eta Deusto Business Schooleko irakaslea.
Bere ikerrildo nagusiak eskualdeko lehiakortasunaren analisia, gizarte eta ekonomiako garapen prozesuak eta politika publikoak dira.