COVID-19ak eragin duen krisi egoera honetan, are garrantzitsuagoa da lehiakortasuna indartzea, baina ongizatearen zerbitzura jarrita. Izan ere, pandemiaren ondorioek bete-betean eragiten diete ekonomiaren jarduerari, ekonomia sektoreei eta, bereziki, enpleguen kalitateari eta kantitateari eta, beraz, langileei.

Pandemiak genero berdintasunean lortu ziren aurrerapenetan atzera egitea ekarri du, maila globalean. Orkestrako talde batek COVID-19ak 2030 Agendan izan duen eragina aztertu du, bereziki Garapen Jasangarrirako 5. helburuari dagokionez, “Genero berdintasuna eta emakumeen ahalduntzea”. Azterketa horretan ondorioztatu dugu krisiaren ekonomia eta gizarte ondorioek areagotu egingo dituztela emakumeen eta nesken desberdintasunak eta haien kontrako diskriminazioa. Era berean, azpimarratu nahi izan dugu osasun arloko erantzunaren gidaritza emakumeek dutela eta, halaber, emakumeek hartzen dutela etxeko lan zamaren zatirik handiena. Gainera, pandemiaren eraginez ikastetxeak eta haurtzaindegiak itxi direnez eta familietan hainbat gorabehera izan direnez, emakumeek etxeko lanen zama handiagoa hartu dute eta, horren eraginez, ordaintzen ez den lanari lotutako zaurgarritasun egoerak ikusi ditugu.

Enpleguari eta giza baliabideei dagokienez, COVID-19aren epe luzeko ondorioek lehendik ere abian ziren joera batzuk bizkortu dituzte, horien artean, telelana, langileek datu gehiago erabiltzea, enpresaren rola indartzea gizarte segurantzako sare gisa, eta aldi bateko langile asko erabiltzea.

Pandemiaren aurretik, telelana ikuspegi askotatik aztertu zen, eta oso aldeko zein kontrako iritziak eragiten zituen. Telelanaren aldekoek azpimarratzen dute aukera ematen duela pertsonen bizitzaren hainbat alderdi harmonizatzeko, norberaren bizitza eta lanbideko bizitza orekatu eta bateratzeko asmoz. Zalantzarik gabe, espazioa eta denbora kudeatzerakoan malgutasun handiagoa eskaintzen du, baita joan-etorrietarako denbora gutxiago behar izatea ere. Eta hori onuragarria da pertsonentzat. Hain zuzen ere, Juan Gamboa Orkestrako ikertzaileak horren inguruko gogoeta bat partekatu zuen pandemiaren hasieran.

Baina telelanaren beste alderdi batzuek zalantzak sortzen dituzte, ondorio kaltegarriak izan ditzakeela ere ikusten baita. Hala, etxean lan egiten duten pertsonek gehiegizko lan zama hartzen dute, soldatapeko lana, familia, etxea eta norberaren esparrua batera egoteak dakartzan gatazkak eta eragozpenak bizi dituztelako, zuzenean eta intentsitate handiz.

Egoera horretan, telelanak genero desberdintasunak areagotu ditzake, bereziki ama langileengan eta emakume zaintzaileengan. Izan ere, normaltasun berrian, genero ikuspegia lanaren kalitatearen ikuspegi desberdinetara iristen da, zeharka.

Eta puntu honetara iritsita, galdera bat egingo dut: telelana emakumeentzat tranpa bihurtzen al da?. Orain arte ulertzen genuen telelanak emakumeak zaintzaile nagusiaren rolean harrapatzen dituela eta presentzialtasunetik urruntzen dituela. Eta horrek esan nahi du proiektu eta zerbitzuen inguruko erabaki garrantzitsuenak hartzen diren une eta prozesuetatik urruntzen dituela, baita lan ibilbideei buruzko erabakiak hartzen diren tokietatik ere.

Gaur egungo telelaneko ereduan garrantzi berezia hartzen du espazioak nahasteak eta emakumeak eta gizonak espazio horietan berdin ez banatzeak. Espazioak nahasteak lan dinamikak eta familia dinamikak aldatzen ditu, eta horrek ekarriko du espazioak gainjartzea eta dinamika horiek inoiz ez amaitzea.

COVID-19aren garaian, telelanak genero arrakala handitu egin du. IESEk 2020ko uztailean aurkeztu zuen azterketa baten arabera, konfinamendu garaian urrutitik lanean aritu ziren eta etxean beste pertsona batzuekin batera (bikoteak, seme-alabak, gurasoak) bizi diren emakumeek egoera berean zeuden gizonek baino erantzukizun handiagoa izan zuten mendekoen zaintzan, % 29 handiagoa, hain zuzen ere. Azterketa berak erakusten du emakumeek gizonek baino % 9 interferentzia gehiago izan dutela lan egiten ari ziren bitartean, familiako kontuengatik.

Egoera horretan, erakundeen kudeaketak zeresan handia du, baina kontuz, telelanean genero rolen berdintasunari dagokionez, eragina positiboa edo negatiboa izan baitaiteke. IESEren aipatutako azterketan jasotzen da Espainian, zenbat eta handiagoa izan zuzendaritzaren babesa, estres gutxiago, konpromiso handiagoa eta larritasun gutxiago izaten dutela langileek. Hala, zuzendaritzak langileekiko sentiberatasunez jokatzen duen enpresetan lan egiten duten emakume langileen buruko nekea eta estresa % 5 txikiagoa da, bizitasun handiagoa dute (% 6 handiagoa) eta lanean kontzentratzeko zailtasun txikiagoa (% 10 txikiagoa).

Kontuan hartu behar da emakumeentzako eta familientzako ondorio negatiboek urteak iraun ditzaketela, esku hartze proaktiborik egiten ez bada. Izan ere, “ekonomiak” ezin izango bere helburua bete askotan gutxietsi dugun “funtsezkoaren ekonomia” gabe. COVID-19ak ordaindutako ekonomia moteltzea ekarri du, konfinamendua nahitaezkoa izan delako. Baina moteltze horrek beste arrazoi bat ere badu; familia askok eta, bereziki, emakumeek, zaintzan jarri behar izan dituzte ahalegin guztiak.

Testuinguru horretan, inoiz baino garrantzi handiagoa hartzen du ongizatearen zerbitzura egongo den lehiakortasunak, ekonomiaren alderdi ukigarriez gainera, pertsonen ongizateari lotutako gizarte arloko alderdi ukiezinak ere aintzat hartu beharko baitira. Hurbilketa berri horrek emakumeak eta emakumeen erakundeak pandemiaren erantzunaren erdi-erdian jarri behar ditu. Bereziki, garrantzitsua izango da telelanaren eta ordaindu gabeko zaintza lanaren inguruan sortu diren desberdintasunak eraldatzea, funtsezkoaren ekonomia inklusiboan. Gainera, berariaz emakumeen eta nesken bizitza eta etorkizuna erdian jarriko duten gizarte eta ekonomia planak diseinatu beharko dira.


Mercedes web

Mercedes Oleaga

Mercedes Oleaga, Orkestrako ikerketako bideratzailea, Soziologian lizentziaduna da eta Ikasketa Aurreratuen Diploma du, Nazioarteko Ekonomian eta Garapenean.

Profil osoa ikusi