Emakumeok munduko biztanleriaren erdia gara; baina emakume izateak esan nahi duenaren kontzientzia banan-banan hartzen dugu, nork geure modura, bereziak eta besterenezinak diren moduetan. Martxoaren 8ak eta antzeko egunek laguntzen digute gutako bakoitzaren bidea historia beraren barruan kokatzen. Post hau kontzientzia hartzeko neure prozesuan oinarritu dut, lurralde garapenerako ikerketa-ekintzan egiten ari garen lanarekin lotuta. Hain zuzen ere, Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuan, hamarkada bat baino gehiago daramagu ikerketa metodologia horrekin lan egiten. Historia osoa hurbilketa horri buruz argitaratu dugun liburuaren kapitulu batean dago jasota, edonoren eskura.

Ikerketa-ekintzan dudan tokiaren kontzientzia hartzeko prozesua prozesu partekatua da, oraindik amaitu ez dena. Nor garen jakitera iristea oso agerikoa irudituko zaigu beharbada. Baina, harrigarria bada ere, batzuetan ezin gara nor garen jakitera iritsi besteen laguntzarik gabe. Post hau Hilary Bradburyk nork bere burua ezagutzeko bideratu zuen esperientzia batean oinarrituta dago.

Hilary ezagutu aurretik, Annemarie E. Groot-en tesian irakurria nuen “batez ere emakumeentzat dela erakargarria bideratzearen edo fazilitatzearen artea”. Ordurako, Pablo Costamagnarekin batera, lurralde garapeneko bideratzaileen inguruko liburu bat idatzia nuen. Eta liburu horretan, bideratzaileen ikusezintasuna arazo garrantzitsutzat hartzen genuen. Baina, neure buruan oraindik ez nituen bi puntu horiek lotzen.

Hilaryrekin ikusezintasunaz aritu nintzenean, gai horren inguruan genero ikuspegitik pentsatzea proposatu zidan. Ez nion bere aholkuari berehala jarraitu, beldur nintzen garatuko nuen diskurtsoak ez ote zituen minduko oso hurbileko lankide gizonezkoak. Hala ere, harra barruan nuen eta arreta jartzen hasi nintzen ordura arte garrantzi txikikoak iruditu zitzaizkidan alderdiei: Hasteko, ikerketa-ekintzako gure proiektu nagusian lurralde aktoreen eta bideratzaileen rolak nork hartzen zituen aztertu nuen. Lurraldeko aktoreak lurralde garapenaren inguruan gogoeta egiten duten, erabakiak hartzen dituzten eta erabaki horiek ekintzara eramaten dituzten pertsonak dira. Bideratzaileek baldintzak sortzen dituzte aktoreek gogoeta egiteko, erabakitzeko eta ekiteko aukera izan dezaten. Ausartuko naiz rol horiek sinplifikatzera eta, horrela, esan dezaket aktoreek lurralde garapena egiten dutela eta bideratzaileek aktoreak zaintzen dituztela, lurralde garapena efizientziaz egiteko moduan egon daitezen. Proiektu honetan, gure lantaldea zortzi ikertzailek osatzen dugu. Horietatik bost zuzenean aritzen gara aktore publikoen (politikari hautetsiak edo funtzionarioak) bideratzaile lanetan, eta bostak emakumeak gara. 2009az geroztik, proiektuan hamahiru aktore politikorekin egin dugu lan. Eta guztiak dira gizonak.

Zenbaki horiek ikusirik, pentsatu nuen, beharbada, generoaren gaian murgiltzen jarrai nezakeela. Eta horrela hasi nintzen gai horri buruz irakurtzen. Literaturan ikasi nuen bi portaera mota daudela, gizonezko portaera eta emakumezko portaera deitutakoak. Gizonen eta emakumeen portaera behatu ondoren eraiki ziren bi kategoria horiek. Emakumeek emakumezko estiloarekin (eta gizonek gizonezko estiloarekin) zuten erlazioa estatistikoa zen.

Hau da, emakumeek emakumezko estiloa edukitzeko joera dute eta gizonek gizonezko estiloa edukitzekoa, nahiz eta ez den beti horrela gertatzen. Emakumezko estiloaren bereizgarri nagusiak dira emozioak, zaintza eta norberaren hazkundea besteen ongizatearen bitartez bilatzea. Bestalde, gizonezko estiloaren bereizgarri nagusiak dira arrazionaltasuna eta objektibotasuna, eta norberaren hazkundea banaketaren eta indibiduazioaren bitartez bilatzea.

Pentsa liteke bi rol horiek osagarriak direla, beti norberak askatasunez aukeratzen baditu eta balioespen berdina jasotzen badute. Baina, hala al da? Gai horietan sakontzen jarraitu nuen, buruan galdera berri hori nuela. Gure proiektuetan, ez zen zaila izaten lurralde garapeneko aktoreak gizonezko estiloarekin lotzea eta bideratze lana, berriz, emakumezko estiloarekin. Gure estatistikek irakurri nuena berresten zuten: bost emakume emakumezko rolekin eta hamahiru gizon gizonezko rolekin. Zergatik kezkatzen ninduen horrek? Bada, bi estilo horien artean ez dudalako berdintasunik antzematen. Ikerketa-ekintzako gure prozesuak bi erakunde motetan garatzen dira, unibertsitatean eta gobernuetan. Eta bi esparru horietan gizonezko balioak dira nagusi. Bi puntuak lotu ahal izan nituen horrela: arrazionaltasunak eta objektibotasunak profesionaltasuna adierazten duten testuinguruetan, eta emozioak eta zaintza, ordea, gure izaeraren ezaugarritzat hartzen direnetan, emakumeen lana ikusezina bihurtzen da. Estrategia eta lidergoa arrazionaltasunarekin eta objektibotasunarekin lotzen ditugu eta, hala, emakumezko estiloan gauzatzen direnean, emozioetan eta zaintzan oinarrituta, keinu adeitsu eta atsegin gisa ulertzen dira, egiten dituenaren izaera lagunkoiaren erakusle. Generoa eta ikusezintasuna lotzeak lagundu zidan ulertzen nola bihurtzen dugun emakumezko estiloa ikusiezin, leun eta sistematikoki.

Kontzientzia hartzeko etapa honetan, bereziki liburu batek lagundu zidan bi puntu horiek lotzen. Joyce K. Fletcherrek idatzia da, Disappearing Acts du izenburua, desagertze ekintzak moduan itzuli ahal izango genuke. Liburuan, egileak azaltzen du emakumeek emakumezko estiloa erabiltzen dutela uste dutelako eraginkorragoa dela beren erakundeetako arazoei konponbide bat emateko. Baina ingurukoek, askotan, estrategia eta lidergo hori adeitasun, kortesia edo, are gehiago, ahultasun gisa interpretatzen dute eta, azkenean, emakumeak nekatu egiten dira eta amore ematen dute. Nolanahi ere, oraindik ere uste dute emakumezko estilo hori efizienteagoa dela, eta indarberritzen direnean, berriro ahalegintzen dira. Ahalegintzeko eta amore emateko prozesu zikliko horietan harrapatuta gelditzen dira azkenean.

Hilaryrekin egin nuen gogoeta prozesuan, konturatu nintzen nik neuk bi estiloak nituela, emakumezko estiloa eta gizonezkoa. Gizonezko dimentsioa esparru akademikoan aurkitu nuen, urte askotan lanak beste egile batzuekin batera argitaratzen aritu ondoren, bakarrik egiteko erabakia hartu bainuen. Norberaren hazkunderako pauso bat, indibiduazioaren bitartez. Ikusgarri bihurtu nintzen, aurretik inoiz sentitu ez bezala. Nire esparruko bi aldizkaritako argitalpen batzordeetan parte hartzera gonbidatu ninduten eta baita nazioarteko sareetan parte hartzera ere, ikerketa-ekintzaren inguruko neure ikuspegia beste aditu batzuekin partekatzeko. Baina, Fletcherren liburuko emakumeek bezala, neure bideratzaile lanetan (eta hori da, nire ustez, gure lurraldearen garapenari egiten diodan ekarpenik handiena), ahalegintzeko eta amore emateko ziklo amaigabeetan harrapatuta jarraitzen dut.

Neure iritziz, gizateriak dituen arazo konplexuek eskatzen dute gizonezko estiloak eta emakumezko estiloak elkar elikatzea. Elkar elikatze horretarako, ordea, nahitaezkoa da, lehenengo, emakumezko estiloa estrategikotzat hartzea. Beharrezkoa da, halaber, emakumezko lidergoaren indarra aitortzea, baina bere profesionaltasuna gutxietsi gabe, adeitasuna edo ahultasuna dela esanda. Bide horretan, gaur, martxoak 8, egun aproposa da gogoratzeko Fletcherrek azaldu zituen ahalegin eta amore emate ziklo amaigabe horietan harrapatuta gauden pertsona gehien-gehienak emakumeak garela.


miren larrea

Miren Larrea

Miren Larrea Orkestrako ikertzaile seniorra da. Ikerketako laguntzaile gisa hasi zen Deustuko Unibertsitatean. Bertan egin zuen doktorego tesia, Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko ekoizpen sistemei buruz.

Perfil osoa ikusi