Europako Batzordeak , prospektiba estrategikoa (etorkizunaren esplorazioan, aurreikusketan eta konfigurazioan aritzen den disziplina) Europar Batasuneko politika egiteko prozesuetan barneratzeko agintaldia du. Prospektiba politika formulazioan erabiltzea ez da berria EBrako, hain zuzen ere, 1989an Jacques Delors-ek orduko Europako Batzordeko lehendakariak Cellule de Prospective sortu zuenetik, honen erabilera ohikoa izan da. Oraingo honetan ordea, erronka prospektiba esparru guztietako politika formulaziora zabaltzea da, pentsamendu estrategikoa eta epe luzea kontutan duten politika formulazioa bultzatzeko asmoz (nahiz eta azkenekoak epe motzekoak izan).

Atzean dagoen arrazoietako bat, COVID-19 pandemiak agerian utzi dituen Europako ahuleziak elkarrekin lantzearen beharra da. Pandemiak gogor jo bait ditu EBko gizartea eta ekonomia, desberdintasun sozialak eta ekonomikoak areagotuz, langabeziaren gorakada eta errenten beherakadak bultzatuz, talde ahulenak astinduz (emakumeak, gazteak..), etab.

Guzti honi elkarrekin aurre egiteko, Europar batzordeak, prospektiba estrategikoko lehen txostena argitaratu du 2020ean. Bertan erresilientzia kontzeptua bihurtu da Europako politika formulazioaren iparorratza, esparru ekonomiko eta sozialean, geopolitikoan, berdean eta digitalean.

Erresilientzia testuinguru honetan erronkei aurre egiteko gaitasunaz gain, trantsizioak eta eraldaketak modu iraunkor, justu eta demokratikoan egiteko gaitasunaz dihardu. Beraz, prospektibaren eginkizuna lau esparru hauetako erresilientzia indartzeko politiken formulaziora bideratuta dago. Horretarako txosten honek Europako erresilientzia du aztergai aipatutako 4 esparru hauetan: megatendentzien azelerazio edo dezelerazio baten aurrean esparru hauetan sortzen diren indargune eta ahultasunak aztertuz. Erresilientzia hobetzeko diseinatuko diren politikak indargune hauek indartzea eta ahultasun hauek gutxitzea izango beharko dute helburu, lau esparru hauetan aukera berriak irekiaz.

Azaroan, 2020ko Lehiakortasun Txostena argitaratu genuen Orkestran. Bertan, Orkestrako ikerlariek Euskal Autonomia Erkidegoko (EAEk) erresilientzia aztertu genuen pandemiaren aurretik, pandemia garaian eta etorkizunera begira. Txostenak aitortzen du EAEko erresilientzia hiru faktoreren araberakoa dela: (1) orain arte eraiki diren lehiakortasunaren oinarrien araberakoa; (2) epe laburrera krisi egoerari ematen zaion erantzunaren araberakoa; eta (3) epe luzera lehiakortasun iraunkorrerako bidea baldintzatuko duten funtsezko trantsizioak gidatzeko gaitasunaren araberakoa. Txostenak esparru digitalean, energian eta esparru ekonomikoan eta sozialean EAEan duen abiapuntua sakonki aztertzen du.

Bertan EB-k bezalaxe, honako aitorpena egiten da: “erresilientzia lantzeak ekintzak gomendatzera iristen laguntzen du, erresilientzia etengabe aldatzeko, egokitzeko eta eraldatzeko gaitasuna dela ulertzen badugu”.

Hain zuzen ere, gure lurraldeko argazki hau, EB-ak estatuei gomendatzen dien bezala, akziorako argiguneak emateko tresna da. Baina honez gain horizonteen eta megatendentzien esplorazioa, etorkizun alternatiboen analisia, etab. bai esparru politikoan eta bai beste hainbat esparrutan nolako ekintzak martxan jarri beharko liratekeen ikuskatzeko tresna gehigarriak eta baliotsuak izan daitezke.

Txostenak, krisitik indartsuago ateratzeko eskatzen duen norabidea elkarrekin jorratu dezagun, gure lurraldeak trantsizio berdea, digitala eta demografiko sozialari heltzeko dituen indarguneak eta ahultasunak arakatzen ditu. EB prospektiba txostenak bilatzen duen moduan, analisi honek EAEko eragile desberdinentzako, trantsizio hauek eskatzen dituzten eraldaketak elkarrekin baino bakoitza bere lan-esparrutik aritzeko abiapuntu bihurtu daiteke. Beraz ekintzara pasatzeko, eragile bakoitzak hausnartu beharko du epe luzera zer joeratan jardun behar duen gizarte erresilienteago bateruntz abiatzeko.

2020 urte honetan bezalaxe,  etorriko diren disrupzioen aurrean, eraldaketen aurrean hobeto prestatzeko, EBk sustatzen duen akziora orientatutako prospektiba estrategiko martxan jartzen lagun dezaken abiapuntu bihurtu daiteke ere 2020ko Lehiakortasun txostena.


usue lorenz

Usue Lorenz

Usue Lorenz, Orkestrako ikerketako bideratzailea, Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna da, Nazioarteko Kudeaketako espezialitatean. Nazioarteko kudeaketako Masterra egin du eta lurraldeen lehiakortasunari buruzko beste hainbat ikastaro (berrikuntzari, lurralde garapenari eta Europako berrikuntza programei buruzko ikastaroak eta hitzaldiak)..

Ikusi profil osoa