Bi faktorek baldintzatzen dute nagusiki erregio mailan krisi bati aurre egiteko marjina: krisi hori zenbateraino den asimetrikoa eta erregio horrek politika garatzeko zernolako eskumenak dituen. Krisia asimetrikoa bada, arrazoizkoa da pentsatzea toki bakoitzean neurri ezberdinak hartu beharko direla eta, beraz, tokian tokiko politiketarako aukera gehiago dagoela. Era berean, herrialde deszentralizatuetan erregio eta tokiko gobernuek eskumen gehiago izanik, abian jarri beharreko politiketan zeresan gehiago izango dute.

Krisi bat asimetrikoa da baldin eta hura sortu duten faktoreak eta haietatik eratorritako eragin edo inpaktua toki batetik bestera oso ezberdina bada. Oraingo krisi sozio-ekonomikoaren atzean, aurreko krisi sozio-ekonomikoetan ez bezala, kanpo-faktore bat dugu: koronabirusa. Birus hori, herri batean (Txinan) agertu bazen ere, gero mundu osora hedatuz joan da eta, globala bihurtuz; eta hedatu ahala, haren asimetria desagertuz joan da. Krisi simetrikoetan, toki guztietan neurri antzekoak aplikatu behar direnez gero, eraginkorrena politikak modu koordinatu batean aurrera eramatea da. Oraingo krisian, beraz, taxuzkoena maila globalean politikak koordinatzea izango litzateke. Edota gutxienez eremu geoekonomiko nagusietan (Europako Batasuna, Ipar Amerika…). Dena dela, krisiak inoiz ez dira erabat simetrikoak eta koordinatzeko modu edo posibilitate desberdinak daude. Ikus dezagun hau guztia, xehetasun apur gehiagoz.

COVIDen hedapena herri bakoitzean herri horren kanporako konexioa, biztanleriaren dentsitatea, zahartze tasa, eta abarren arabera aldatzen da. Eta inpaktu sozioekonomikoa, Arangurenek dioen bezala, herri horren espezializazio sektorial (adib. turismoa), enpresa-tamaina (ETEak), lan-merkatuaren ezaugarri (aldi baterako kontratuak) eta abarren arabera ere aldatuko da. Nolanahi ere, oro har, krisi honetan elementu simetrikoek indartsuagoak dirudite asimetrikoak baino.

Krisiari aurre egiteko politiken artean bereiztu behar dira, alde batetik, koronobirusaren hedapena gelditzeko eta berak jotako pertsonak tratatzeko hartu beharreko neurriak; eta, bestetik, aurrekotik sozio-ekonomian sortutako efektuei erantzuteko hartu beharrekoak. Gu hemen azken hauetaz arituko gara, soil-soilik. Efektu sozioekonomiko horiei aurre egiteko, hiru politika ekonomiko handi ditugu: diru-politika, aurrekontu-politika (eta honi lotua, abalak eta kreditu ematekoak) eta arauketakoa.

EAEn eta Espainian indarrean dagoen diru-politika Bruselasen erabakitzen da eta horretan EAEko erakundeek ez dute eragiteko inongo ahalmenik. Oro har, diru-politikaren tresna tradizionalak agortuta daude (interes tasa = 0, orain), baina tresna ez tradizionalak garrantzitsuak izan daitezke, arazoak dituzten herrien zorra erosteko edota haien arrisku-premiaren kontrako erasoak neutralizatzeko erabiltzen badira.
Europar Batasunean zinezko aurrekontu-politikarik ez dago, EBren aurrekontu-gastua EBko BPGren %1 inguru dagoelako. Aurrekontu-politika funtsean estatuen eskuetan dago. Espainian, ordea, azken sei urteetan egondako susperraldi ekonomikoa ez da erabili kontu publikoak egoera osasuntsu batean uzteko (oraindik defizit publikoa BPGren %2.5 inguru dago eta zor publikoa %100 inguru), eta horrek biziki mugatzen du politika horrekin jokatzeko marjina.

Espainiako Autonomia Erkidegoetan aurrekontu politikoa aurrera eramateko marjina gutxi dago: Gizarte-Segurantzaren kotizazio eta prestazioak eta zergapena Gobernu zentralaren eskumenak dira, eta erkidego gehienetan kontu publikoak ez dira behar bezala onbideratu. EAEn (eta Nafarroan) egoera apur bat desberdina da: zerga-eskumenak izateaz gainera, EAEko erakundeek azken bost urteak aprobetxatu dituzte haien kontuak onbideratzeko, orain ez dute defizitik eta daukaten zor publikoa Egonkortasun-Legeak finkatutako helburuaren inguruan dago.
Azkenik, arauketako-eskumena nahiko mugatua da EAEn kasuan, krisi honetan funtsezko diren hainbat alor (adib. lan-merkatuko arauketak) Estatuaren eskumen esklusiboa baitira.

Labur bilduz, krisi honetan erregio-politikarako marjina gutxi dago. Marjina hori apur bat handiagoa da EAEn beste erkidegoetan baino (Katalunian baino handiagoa, adib.). Orain arte, Eusko Jaurlaritzak eta Foru-Diputazioek nahiko azkar eta norabide zuzenean erreakzionatu dute krisiaren aurrean, osasun-neurriak hartzeaz gainera, afektatuak izan diren talde edo multzo ezberdinentzako neurriak abian jarriz (zergakoak, kreditu eta abalak, gizarte-emergentziako laguntzak…). Baina, neurri indartsuenak goiko mailetatik etorriko dira. Hasieran esan dugunez, krisi honetan shock simetrikoak dira nagusi eta, alde horretatik, zentzuzkoa da aplikatu beharreko politikak koordinatzea. Problema da, koordinatzeko bide bakarra hierarkia dela uste dela Madrilen eta “aginte bakarra” norabide bakarreko gobernantza moduan (erabat top down) ulertzen dutela. Oraingo krisian shockak gehienbat simetrikoak izan arren, guztion hobe beharrez egokiagoa litzateke neurriak tokian tokiko ezaugarrietara egokitzea eta parte-hartzaileagoak diren gobernantza moldeak erabiliz hartzea, horrelako krisialdietan denok bat eginda irteera ere sendoagoa izango baita.


mikel navarro

Mikel Navarro

Ekonomiako katedraduna da Deusto Business Schoolen (Deustuko Unibertsitatean) eta Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ikertzaile seniorra.