2016ko irailaren 27a

Elkarrizketa: Bob Jessop, Lancaster Unibertsitateko soziologiako irakasle gailena

Bob Jessop retrato

Bob Jessopen eredu batzuk erabili dira eta oraindik ere ari dira erabiltzen Gipuzkoa Sarean ekimenaren kontzeptualizazioan, helburu nagusi batekin: Gipuzkoako lurralde gobernantza hobetzea. Irailaren hasieran, Jessopek “Gobernantza elkarlanekoa eta irekia. Gobernantza ereduak. Joerak eta erronkak” ikastaroan hartu zuen parte aditu gisa. EHUk Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera antolatutako udako ikastaro horren helburua zen oraingo eta etorkizuneko gobernantzaren gainean hausnartzea. Mundu osoko aditu eta erakunde arduradunek hartu dute parte, haien artean, Miren Larrea Orkestrako ikertzaileak. Bere hitzaldian Gipuzkoa Sarean ekimenaz aritu zen. Egokieraz baliatu ginen Jessop adituarekin gobernantzaz mintzatzeko eta udako ikastaroko hitzaldietan esandakoez hausnartzeko.  

 


Nola azalduko zenuke labur-labur zer den gobernantza?

Gobernantza oso termino konplexua da. Lau gobernantza mota bereizten ditut. Merkatuko trukearen anarkia, batzuetan oso emaitza okerrak ekartzen dituena; aginte eta kontrol hierarkia, esaterako, estatuak edo erakunde formalak; elkartasuna edo solidaritatea, zeina konfiantzan, leialtasunean eta sakrifizio partekatuan oinarritzen den, oso garrantzitsua komunitate txikietan baina zailagoa lortzen maila globalean; eta, azkenik, gobernantzaren adiera "arrunta", zentzu hertsian, biltzar honetan jorratzen ari dena, “elkarlaneko gobernantza” izenarekin. Gobernantza mota hori esango genuke dela nork bere burua antolatzea modu zuhurrean, negoziazioan eta elkarlanean oinarrituta, elkar ulertzen eta baterako helburuak ezartzen ahaleginduz. Beraz, gobernantza, normalean ulertzen den moduan, mota edo eredu horietako bat da.

Zergatik da hain garrantzitsua?

"Gobernantza beti aurkezten zaigu arazo teknikoetarako konponbide teknikoa balitz bezala; baina gobernantza beti da kontu politikoa"

Mundu hiperkonplexu batean bizi gara, eta beti ahalegindu behar dugu konplexutasun hori gutxitzen, horren barruan aurrera egin ahal izateko. Modu asko daude konplexutasuna gutxitzeko. Batzuetan merkatua oso bide ona izaten da banaketa-arazoei irtenbidea emateko, baina desberdintasun itzelak ere ekartzen ditu aberastasun eta diru-sarreren banaketan. Batzuetan krisia ere ekar dezake. Hala ere, ohiko salerosketetarako, zorte handia da merkatua hor egotea, hari esker hainbat denbora aurreratzen dugulako eta eguneroko hainbat arazo bideratzen direlako, bestela geuk aurre egin beharko geniekeenak. Era berean, batzuetan ekintza kolektibora jotzea izaten da arazoak konpontzeko modu bakarra, eta norbaiti eskumena ematea gure izenean jarduteko; horixe da gobernu demokratikoen eginkizunetako bat. Batzuetan arazoak hain dira zailak, non pertsona edo erakunde bakar batek ez dakien aski irtenbidea emateko. Halakoetan, denon jakinduriaz balia gaitezke, jakintza eta esperientzia partekatu. Inork ezin du pentsatu berak daukala erantzuna; denen arteko adostasunera iritsi behar da elkarrizketa etengabearen bidez. Arazoak bideratzeko aipatutako metodoetan, batek ere du balio arazo guztietarako:  ez dago denerako konponbide bakar bat. Lau gobernantza mota horiez gain, bada beste maila bat, metamaila esaten diodana, alegia, eredu horien arteko oreka egokia lortzen ahalegintzea une eta gizarte jakin bakoitzean: zenbat merkatu, zenbat patu/konfiantza, zenbat elkartasun, zenbat autoantolaketa zuhur?  Denboraren poderioz agerian gelditu da merkatuek gero eta maizago egiten dutela huts, neoliberalek ukatu arren; estatuak gero eta sarriago egiten duela porrot, politikariek “fidatu nitaz, ezberdina naiz eta" esan arren. Hortaz, badugu “hirugarren bide” bat, autoantolaketa zuhurra, hain zuzen ere, eta ahalegindu beharra merkatuen, estatuen eta elkarlanaren arteko oreka egokia lortzeko.

Zer nabarmenduko zenuke ikastaro honetako ekarpenei buruz?

Bob Jessop hablando en su charla Gobernanza

Asko gustatu zitzaidan biltzarra hasi aurretik bertoko politikariekin izan genuen topaketa. Biziki harritu ninduen hausnarketarako eta autokritikarako gaitasunak. Beharbada erraza da norbere buruarekin kritikoa izatea urtebete baino eman ez baduzu agintean eta agintea utzi dutenei egotzi ahal badiezu okerren errua. Baina atentzioa eman dit haien ikasteko gogoak. Bestalde, harrituta geratu naiz hizlari batzuen baikortasuna ikusita, konponbideak eta gomendioak emateko orduan. Lurralde batean ondo joan den zerbait aurkezten digute eredua balitz bezala, denerako irtenbidea balitz moduan, mugei erreparatu gabe. Gobernantza beti aurkezten zaigu arazo teknikoetarako konponbide teknikoa balitz bezala; baina gobernantza beti da kontu politikoa. Horregatik, Estatu Batuetako estatu idazkari ohiak Munduko Elkarlan Sozialaren onurak goraipatzen dizkigunean, ez digu esaten Munduko Elkarlan Sozialerako Estatu Sailaren webgunea kontsultatuz gero, konturatuko garela planteamendu hori Estatu Batuek defentsa eta diplomazia arloan dituzten lehentasunen mende dagoela. Edo Torontoko hiritarren ekimenei buruz hitz egiten digutenean, ez digute esaten negozio kontua dela eta irtenbide merkeen bila dabiltzala, enpresek eta/edo estatuak beren kabuz konpondu ezin dituzten arazoetarako. Eta "gune neutral”ak aipatzen dituzte, baina ez nola hautatzen den nork joka dezakeen "zelai" horretan. Beraz, nire ustez, hizlari batzuek despolitizatu egiten dute gobernantza eta ez diote ematen benetan duen esangura politikoa. Horrekin ez dut esan nahi gobernantza alderdi politikoekin lotu behar denik, baizik eta hausnartu behar dugula nolako ondorio politikoak dituen, ikuspegi zabalago batetik,  gobernantza mota bat edo beste bat hautatzeak. Eta hitzaldietan ez zaio horri heltzen. Dena dela, oraintxe atera naiz Daniel Innerarityren hitzalditik eta, ikuspegi filosofikoagoa badu ere, interesgarria iruditu zait autogobernantzaz eta eredu bakar baten mugak onartu beharraz dioena.

Lehen esan duzu loturaren bat ikusi duzula zure lanaren eta Miren Larrearen atzoko hitzaldiaren artean. Azalduko diguzu zer eratako lotura den?

"Gobernantzaren berezko  izaera espazio-tenporala azpimarratzea da Mirenen hitzaldiaren eta nirearen artean aurkitu dudan antzekotasunetako bat. Eta ezaugarri hori gutxitan hartzen da kontuan eztabaidetan"

Bai, erraz gainera. Gobernantzan pentsatzen jarrita, beti gertatzen da leku eta une jakin batean. Ez dago espaziotik kanpo eta ez dago denboratik kanpo. Hortaz, gobernantzaz hitz egiteko orduan, aintzat hartu behar dira gobernantzaren dimentsio espaziala eta tenporala. Eskualde baten gobernantzaz ari gara? Auzo, hiri, lurralde batenaz? Eremu handiago batenaz? Eta zer epetarako? Mugen inguruko lurralde baten gobernantzaz ari gara, kasurako Donostia-Miarritz eremuaz? Nola tratatuko ditugu mugen gaineko harremanak? Eta Mirenek lurralde-kudeaketaz esandako hainbat gogoeta nik sare eta lekuetara zabalduko nituzke, eta lurraldeekin dituzten loturetara. Hortaz, Gipuzkoaren gobernantza egokia ez da lurralde horren kontu hutsa; aitzitik, hainbat lekuren arteko harreman politikoekin lotuta dago. Lotuta dago Nafarroarekiko harremanekin eta, are gehiago, lotuta dago merkataritza-harremanekin, gizarte zibileko zenbait talderekin eta enpresa munduko erakundeekin. Orduan, gobernantzaren berezko  izaera espazio-tenporala azpimarratzea da Mirenen hitzaldiaren eta nirearen artean aurkitu dudan antzekotasunetako bat. Eta ezaugarri hori gutxitan hartzen da kontuan eztabaidetan. Etorkizunean elkarlanean aritzeko arlo interesgarria izan litekeelakoan nago.

Bere lanaz gehiago jakiteko, bisitatu http://www.bobjessop.org