2018ko urtarrilaren 14a

 Enpleag mintegiak Collage

Baztertze arrisku egoeran dauden pertsonen enpleagarritasuna izan da Gipuzkoako Foru Aldunditik bultzatutako Elkar-EKIN planaren muinetako bat. Horretarako hainbat prozesu sustatu dira eskualde desberdinetan, garapen agentziek fazilitatuta. Baina erronketako bat da hain zuzen ere arlo horretan lurraldeko ikuspegi bat lantzea. Laborategiaren baitan enpleagarritasun mintegi batzuk ipini dira martxan Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Deustuko Unibertsitatearen artean ikuspegi hori landu ahal izateko. Sebas Zurutuza Aldundiko Kudeaketako Estrategiako Zuzendariak, Belen Larrion Haurren Babeseko eta Gizarteratzeko zuzendariak eta Felix Arrieta  Deustuko Unibertsitateko ikertzaileak tailerren inguruan hausnartzen dute ondorengo elkarrizketan.

Zergatik antolatu dira enpleagarritasun mintegi hauek? Zein zen ikusten zen beharra?

Sebas: 2017ko uztaileko Eskualde Arteko Mahaian (EAM) erabaki zen bazterketa arriskuan dauden langabetuei zuzendutako lan ildo berri bat irekitzea. Horretarako lehen urrats bezala adostu zen eskualde mailako sareak sortzea eta Kabinetetik horretan lagunduko zela. Horrela, Etorkizuna Eraikizeko 2018ko dirulaguntza deialdian Garapen Agentziei diru sarrera bat bermatu zaie sare horiek osatzeko.

Tailer hauen bitartez interbentzio hori eraginkorragoa izan dadin metodologia bat eraiki nahi da, Deustuko Unibertsitatearen laguntzaz eta Garapen Agentzia ezberdinen esperientziak kontuan izanda.

Felix: Gizarte bazterketan dauden pertsonen gizarteratzeko tresna garrantzitsua da enplegua. Hori dela eta, eskualde ezberdinak lana egiten hasi dira dagoeneko bertan eragiten duten eragile ezberdinak (gizarte zerbitzu eta enplegu sistemak, Lanbide, lanbide heziketa, enpresa mundua…) estrategia bakarrean kokatzeko. Eta, Sebasek esan bezala, mintegi hauen helburua estrategia hauetarako metodologia eta pausoak adostea da.

Belen: Tokiko Garapen agentziek abiadura, eredu eta sakontasun diferentearekin ari dira lantzen enplegagarritasunaren arloa. Lurralderako “soka bateratua” beharrean gaude.

Tailerrean aipatzen zen zailtasun nabarietako bat da estrategia bateratu falta. Ados zaudete?

"Tailer hauen bitartez interbentzio hori eraginkorragoa izan dadin metodologia bat eraiki nahi da, Deustuko Unibertsitatearen laguntzaz eta Garapen Agentzia ezberdinen esperientziak kontuan izanda"

Belen: Estrategia bateratua beharrezkoa ikusten dugulako ari gara Foru Aldundiko diputaziotik lankidetza sustatzen enplegagarritasunean lurralde mailan.

Felix: Hala da. Gauza nabaria da eta eskualde bakoitzean prozesuak ere ezberdinak dira. Poliki-poliki lurralde mailako estrategia bateratua ere adosten joatea komeni da. Nik uste laster mugarri garrantzitsuak ikusiko ditugu hontarako.

Sebas: Bai, horrela da. Alor horretan errealitate oso ezberdinak daude, batzuk urteak daramate horretan eta beste batzuk oso gutxi egin dute eremu horretan orain arte. Beraz, oso interesgarritzat jotzen da metodologi edo estrategia bat elkarrekin eraikitzea, denon ezagutzarekin eta Deustu unibertsitateko laguntzarekin.

Zeintzuk dira identifikatutako gainontzeko zailtasunak?

Felix: Eragile bakoitzaren agenda eta maila diferentetako erakunde eta aktoreak lerrokatzea beti da zailtasuna bere horretan. Edozein kasutan prozesu honetan borondateak egon badaudela iruditzen zait.

Sebas: Esparru horretan dabiltzan eragileek ondo ikusten dute ideia, baina eragile asko izanik konfidantza sortu behar da eta antolaketa eta dinamizatze lanetan denbora inbertitu behar da. Horrez gain, eragile batzuk klabeak dira eta horiek konbenzitzea eta erakartzea ezinbestekoa da, hala nola, Lanbide, gizarte zerbitzuetako langileak, Lanbide Heziketako zentroak… Halere, Lanbide da garrantzia handiko aktorea eta horregatik lurralde mailako gobernantzan protagonismoa eman behar diogu eragile horri.

Zuen ikuspuntutik, zailtasun horiei erantzuna emateko erremintak baditugu ala eraiki behar ditugu?

"Orain arte egin den lana kontutan izanda eraiki behar ditugu erremintak, eta aurrerantzean begira, izandako eskarmentuaz gain, metodologia bateratuak emango liguken hizkuntza partekatua eta lankidetza ardatz bezala harturik"

Felix: Nik uste tresna garrantzitsuak baditugula. Agentziatan eta gainontzeko erakundeetan lan egiten duten pertsonek gaia haintzat hartu dute eta eragiteko prest daude. Hori pauso garrantzitsua da. Bidean beste hainbat tresna lantzen joan beharko gara, baina hori da erronka politena, bidea egiten joan eta prozesuak eratzea.

Sebas: Nire ustetan, dauden ikasketetik abiatuta interbentzio eredu bat formalizatu beharko litzateke, nahiz eta gero eskualde bakoitzaren ezaugarriak kontuan izanik eredu hori modu malguan aplikatu.

Belen: orain arte egin den lana kontutan izanda eraiki behar ditugu, eta aurrerantzean begira, izandako eskarmentuaz gain, metodologia bateratuak emango liguken hizkuntza partekatua eta lankidetza ardatz bezala harturik.

Oraindik tailer bat geratzen da. Zein da tailer horren helburua?

Belen: Garapen agentziek hasitako lanetik helduta, hau da, eurek identifikatutako hutsune, gabezi, ahulezi eta indarguneak garatuz, lan egiteko eredua lantzea izango da helburua

Felix: beste hitz batzuetan esanda, azkeneko tailerraren helburua orain arte egindakotik etorkizunean eman beharreko pausoak identifikatzea izango da eta prozesuan eragiteko hurrengo etapak aurreikustea. Hau ez ba bukaera, hasiera interesgarria baizik.

Sebas: Azkeneko tailer horren ondoren, Garapen Agentzia guztiek sareak sortzeko lan ibilbidearen irizpide nagusiak finkatu egin beharko lituzkete. Ondoren bakoitzak bere eskualdean lanean jarraituko luke eta elkarri laguntza emateko moduak adostu beharko dira, amaieran esperientziak partekatzeko beste bilkura bat eginez.

Prozesuarekin aurrera egitea aurreikusten da?

Belen: ziurrenik jorratutako bidetik jarraipena eman beharko diogu, hazten eta egonkortzen joateko hasitakoa.

Sebas: Bai, dudarik ez. 2017ko EAMan adostu zen epe erdira esparru honetan elkarrekin aritzea. Sareak modu eraginkorrean sortzeko gai garen heinean gero eragile ezberdinek (Lanbide, GFA…) beren programak sare horien bidez zabaltzeko aukerak handituko lirateke.

Felix: Bai, oraintxe esan bezala. Eskualdeka eraikitzen joan beharko dugu ondoren eta kontrastatzen jarraitu. Bide interesgarria da aurretik dagoena.