Elkarrizketa: Sebastian Zurutuza, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kudeaketa Estrategiako zuzendari eta Gipuzkoa Sareanen arduraduna

Sebas Zurutuza-Gipuzkoako Foru Aldundia-Gipuzkoa Sarean

Gipuzkoa Sareanek jarraitu egingo zuela jakinarazi zuen “Gipuzkoa Sarean: Bidean” ekitaldian Sebastian Zurutuzak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kudeaketa Estrategiako zuzendari eta Gipuzkoa Sareanen arduradun berriak. Zubigintza-Gipuzkoa Sareanen Ikerketa Ekintza Laborategiko kideekin izandako zenbait bileraren ostean hartutako erabakia izan zen hura. Jarraitzeko erabakiaren zergatiaz, proiektuak hartuko duen norabideaz eta ekitaldiari buruzko sentsazioez hitz egiten du elkarrizketa honetan.


Gipuzkoa Sareanen jarraipenerako oinarriak jartzen ari zarete. Zein izan dira erabaki hori hartzeko arrazoi nagusiak?

Bi gauza izan ditugu kontuan: alde batetik, azkeneko 6 urteetan Gipuzkoa Sareanek izan duen bilakaeraren ebaluazioa; bestetik, ikusi dugu Gipuzkoako Foru Aldundiak legegintzaldi berrirako onartu duen Kudeaketa Plan Estrategikoan (KPE) finkatzen den gobernantza eredua eta planaren zenbait helburu Gipuzkoa Sareanekin bat datozela. Azken batean, Aldundiak bere gobernantza ereduan jauzi kualitatibo bat eman nahi du, elkarlanean oinarritutako gobernantza irekia bultzatuz, eta eredu hori gauzatzeko lan sareen garapena oinarrizkoa da. Honek lan egiteko modu berriak eskatzen ditu. Testuinguru honetan, Gipuzkoa Sarean proiektua oso ondo txertatzen da, bere ikuspegia bat datorrelako aipatutako filosofiarekin. 

Zein ildotatik jarrai dezake Gipuzkoa Sareanek hemendik aurrera? Zein da zuen proposamena? 

"Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kudeaketa Plan Estrategikoan finkatzen den gobernantza eredua eta planaren zenbait helburu Gipuzkoa Sareanekin bat datoz"

Proposamena zehazterakoan, Gipuzkoa Sareanen indarguneak eta KPEren lehentasunak hartu ditugu kontuan. Indarguneei dagokienez, nabari da berrikuntza eta sustapen ekonomikoaren inguruan lankidetza sare indartsuak sortu direla eragile ezberdinen artean, eskualdeko agentziekin nagusiki. Bestalde, KPEaren ardatz nagusia Ekonomia Suspertzeko plana denez, aukeraketa plan horren lan ildoetatik egingo dela garbi daukagu. Horrez gain, aurreko urteetako esperientziaren arabera aktore berriek parte hartzea komenigarria dela ikusten da, adibidez, teknologia zentroek, enpresaburuen elkarteek, merkataritza ganberak, unibertsitateek…. Era berean, Foru Aldundiko Sustapen departamentua proiektuan barneratu nahi dugu hasieratik, Kabinetearen ordezkariekin batera, Gipuzkoa Sareanen definizioa eta garapenean parte har dezaten. Horrek proiektuari sendotasuna emango diola uste dugu, baita jarraipena bermatzeko aukera ere. Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren parte hartzea balio handikoa iruditzen zaigu.

Zergatik uste duzu dela beharrezkoa proiektu honetan eragile gehiagok parte hartzea?

Berrikuntza eta Sustapen ekonomikoaren esparruan askotariko eragileak gabiltzanez, elkarren arteko koordinazioa eta lankidetza nahitaezkoa da, norberak bultzatzen dituen programak edo proiektuak ahal den neurrian lerrokatuta egon daitezen. Bestela, politiken eraginkortasuna murriztu egiten da, eta maila askotako eragileen arteko lankidetza bultzatuz gero, aldiz, eraginkortasuna areagotu egiten da. 

Eragileekin lehenengo kontaktu bat izan zenuen duela aste batzuk egindako liburuaren aurkezpenean. Nola baloratzen duzu lehenengo kontaktu hori?

"Aurreko urteetako esperientziaren arabera, aktore berriek parte hartzea komenigarria dela ikusten da, adibidez, teknologia zentroak, enpresaburuen elkarteak…"

Oso modu positiboan. Proiektuan parte hartu zuten zenbait ordezkari aurrez aurre ezagutzeko aukera izan nuen, baita beraien balorazioak zeintzuk ziren jakiteko aukera ere. Horrela, jabetu nintzen ordura arte hitzez entzundakoa benetakoa zela, alegia, konfiantzazko harremanak gauzatu direla, proiektuarekin identifikazioa oso errotua dagoela, jarraipenerako itxaropena oso zabaldua dagoela… Bestalde, liburuaren aurkezpenean Foru Aldundiko 3 gobernu ezberdinetako ordezkari politikoak mahai berean esertzea gure eguneroko politikan ikusten ez den argazkia dela azpimarratuko nuke. Eta horrek proiektuari sinesgarritasuna ematen dio.

Zertarako izan zen, zure ustez, baliagarria ekitaldi hura? 

Gobernu berriaren ardura dugunok, ordubeteko ideia trukaketa baten ondoren, proiektuaren ebaluazioa egiteko oso baliagarria izan zen. Horri esker, parte hartzaile esanguratsu batzuentzat Gipuzkoa Sareanen indargune, ahultasun eta itxaropenak zeintzuk diren ikusi ahal izan nuen. Bestalde, bildutakoen artean giro baikorra eta kementsua nabaritu nuela azpimarratuko nuke.

Bestalde, eragileekin topagune izateaz gain, Gipuzkoa Sarean ikerketa prozesu bat ere bada. Zure ustez, zertan lagun dezakete ikertzaileek Gipuzkoa Sareanen?

Gipuzkoa Sarean ikerketa-ekintzan oinarritzen den proiektua da. Aurkeztutako liburuan jasotzen den definizioaren arabera, parte hartzea eta ekintza barneratzen dituen ikerketarako estrategia bat litzateke ikerketa-ekintza. Definizio horren arabera, ikerketa estrategia honek eskatzen du ikertzaileek gainerako eragileekin prozesuan parte hartzea, ekinean hausnartzea eta ondoren ikerketa burutzea. Prozesu honek proiektuari sendotasun handiagoa eman beharko lioke. Kontuan izan behar dugu proiektuaren helburua programak edo politika zehatz batzuk ezartzea baino zerbait gehiago dela. Gipuzkoa Sareanek baliagarri izan beharko luke beste esparru batzuetara zabaltzeko eta, neurri horretan, GFAtik bultzatu nahi dugun gobernantza kolaboratibo eta irekiarentzat eredua izatea gustatuko litzaidake.