Paperaren Klusterrari buruzko aurkezpena PDF Inprimatu Helbide elektronikoa
2008-(e)ko azaroaren 12-(e)an

Paperaren Klusterraren lehiakortasunak iraunkorra izatea nahi bada, imitatzeko zailak izango diren lehiatzeko abantailak garatzean oinarritu beharko du

Ondorio hori atera dute Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak eta Eusko Ikaskuntzak EAEko Paperaren klusterraren inguruan egin duten azterlanean. Klusterrak estrategia sofistikatuagoak eta berritzaileagoak erabili beharko ditu aurreko garaietan baino ingurune globalizatuagoan eta zailagoan lehiatzeko.

Paperaren sektoreak eta beste sektore askok bizi duten egoeraz jakitun, Orkestrak eta Eusko Ikaskuntzak lankidetza hitzarmena sinatu dute, besteak beste EAEko klusterren jatorri historikoen inguruko ikerketak egiteko. Hitzarmen horren lehenengo emaitza “Los orígenes históricos del CLÚSTER DEL PAPEL en el País Vasco y su legado para el presente” argitalpena da. Bertan, Kluster horren jatorria aztertu da, bere ibilbideko faseak, gaur egungo egoera eta enpresek etorkizunari begira dituzten erronkak.

Txostena gaur aurkeztu da Deustuko Unibertsitatean, José Luis Larrea Orkestrako presidentea eta Javier Retegui Eusko Ikaskuntzako presidentea buru zituen ekitaldian. Bi erakundeetako arduradunek hitzarmenaren berri eman dute eta elkarrekiko harremanak sendotu nahia agerian utzi dute. Hitzarmenaren helburuetako bat da Euskal Herriaren eta bertako enpresen egoera hobeto ulertzen lagunduko duten azterlanak bideratzea.

Lankidetzako ildoen artean azpimarratzekoak dira, besteak beste, ikerketa eta garapeneko proiektuak eta programak aurrera eramatea, elkarri aholkularitza eskaintzea bi erakundeen jardueraren inguruan, elkarlanean aritzea ikertzaileak eta teknikariak prestatzeko programetan, bi alderdietako edozeinen ikerketa jarduerarako interesgarriak izan daitezkeen datu baseak edo ikerketako materiala partekatzea, eta ikerkuntzaren eta garapen teknologikoaren gizarte sustapenari lotutako jarduerak elkarrekin antolatzea eta gauzatzea. 

Txostenaren ondorio eta ekarpen nagusiak Mari Jose Arangurenek aurkeztu ditu, Orkestrako “Klusterren, Eskualdeko Garapenaren eta Berrikuntzaren” arloko arduradun eta Orkestran proiektu honen koordinatzaileak. Iñaki Ugarte Euskadiko Paperaren Klusterraren gerenteak azterlanaren eta egungo egoeraren balorazioa egin du. Biek azpimarratu dute azterlanaren garrantzia klusterren lehiatzeko egungo abantailen iraunkortasuna ulertzeko eta baloratzeko. Arduradunen hitzetan, eskualde batek denboran lehiatzeko abantaila iraunkorra izango du abantaila horren oinarrian dauden baliabideak imitatzeko zailak diren neurrian. Eta hori eskualdeak baldintza historiko bereziak izatearen araberakoa da.

Euskal Autonomia Erkidegoan, paperaren sektorearen bilakaeran izugarrizko eragina izan du ekonomiaren nazioartekotze prozesuak, bereziki faktoreen eta eskariaren baldintzetan. Hasieran kanpora irekitzeak salmentako eta lehengaietako merkatu zabalagoetarako sarbide hobea ahalbidetu zuen, baina gaur egun, merkatu globalizatu honetan, enpresen dimentsio mugatuak zaurgarriago bihurtzen ditu bere garaian aukera berriak ekarri zituen merkatuetako gorabeheren aurrean. EAEko enpresei dagokienez, enpresa batzuek beren ohiko egiturei eustea erabaki dute, baina beste batzuk talde zabalagoetan barneratu dira tamaina handitzeko, edo atzerriko kapitala erabili dute gero eta lehiakorragoak diren merkatuetako erronkak gainditzeko.

 

Ugarte, Aranguren, Retegui eta Larrea aurkezpena hasi aurretik
 

 

 

Nolanahi ere, eta tokiko faktoreek globalizazioaren eraginez okerrera egin badute ere, paperaren klusterrak erro sendoak ditu Euskadiko ekoizpen jardueran eta gure ekonomiaren industri oinarrietako bat da oraindik ere. Hain zuzen ere, EAEko industriaren batez bestekoak baino lehiakortasun maila handiagoa du.

Paperaren biztanleko kontsumoak handitzen jarraitzen du, oraindik eta hazteko aukerak daude eta Euskadiko paper sektoreak garai berriei bete-betean heldu nahi die, jakinik zailtasunek aukerak ere ekartzen dituztela eta aukera horiek espezializazioan, berrikuntzan, bikaintasunean eta, noski, lankidetzan bilatu behar direla.

Ildo horretatik, Euskadiko Paperaren Klusterrak orain dela hamar urtetik ona enpresen arteko lankidetza hitzarmenak sustatzen ditu, enpresa elkartuen lehiakortasun handiagoa bilatzeko xedez. Sektoreak egindako ahaleginek hainbat emaitza izan dituzte jada, besteak beste, CO2 eta SO2ren igorpenak nabarmen jaistea energiaren kontsumoa hobetu eta kogeneradoreak erabiliz; ekoitzitako tona bakoitzeko kontsumitutako ura minimizatzea dimentsio handiagoko enpresa lehiakideen estandarren azpitik; eta kalitate eta ingurumeneko kudeaketako ziurtatutako sistemak orokortzea eta lehengaiaren zaintza katean ziurtagiri sisteman erabiltzea, ziurtatzeko enpresetan erabilitako orea ingurumen iraunkortasunari begira ustiatzen diren basoetatik datorrela.

 
< Aurrekoa   Hurrengoa >